Espainiak erabakitako defizit mugak ez onartzeko eskatu die ELAk alderdiei

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, hamar puntuko proposamen bat egin du sindikatuak

Maite Alustiza.
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Herritarrak kontuan hartzeko. Horixe da ELA sindikatuak alderdi politikoei egindako eskaria, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira. Konpromisoak nahi ditu, neurri zehatzak. Gizarte gaiei lehentasuna eman diezaietela, «larrialdi egoera bati» aurre egiteko. Irailaren 26ko greba deialditik haratago, urriaren 21ean gerta daitekeenari aurrea hartu nahi izan dio sindikatuak, aldez aurretik bere proposamena mahai gainean jarrita.

Espainian hartutako erabakien menpeko kateak hautsi eta Jaurlaritzak dituen eskumenak balia ditzatela proposatu die alderdiei, norberak bere bide propioa egiteko. Lehen katebegia: aurrekontuak. Jaurlaritzara helduko den alderdiak ez luke Espainiak erabakitako defizit muga onartu behar; hala, gizartearen beharrizanei lehentasuna eman ahalko lieke. Murrizketen aurrean ere planto egiteko deia egin die ELAk. Orain arte Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak ezarritako murrizketak bertan behera uztea beharrezkoa dela iritzi dio, gizarte laguntzetan egindakoak, batik bat. «Milaka pertsona horiek jasotzeko aukerarik gabe utzi dituzte», salatu dute.

Enplegua eta langileen eskubideak babestea funtsezko katebegia da ELAren proposamenean. Laneko segurtasuna eta osasuna prekarietatearen gainetik jartzea, negoziazio kolektiboen erabakiak alde bakarreko erabakien gainetik. Lanik gabe daudenei «estaldura duina» emateari ezinbestekoa deritzo.

Aldaketa zerga politikan

Gastu publikoaren kudeaketan,osasuna eta hezkuntza funtsezkotzatjotzen ditu ELAk. Eta alderdiei aldaketa beharraz ohartarazteko, datuak: Europako Batasunean, osasuneko gastu publikoa batez beste %38,9 handiagoa da Jaurlaritzarena baino; hezkuntzarako gastu publikoa, berriz, %28 handiagoa. Gastuak sarrerekin orekatzeko, diru bilketak garrantzi handia du aldundientzat. Horretarako, alderdiei zerga politika alda dezatela proposatzen die ELAk, eta balia ditzatela Finantzen Euskal Kontseilua eta Zergen Koordinaziorako Organoaaldundiak egiten ari diren politika salatzeko. Gainera, eskatu die zor publikoa ikuskatzeaz arduratuko den batzorde bat sortzeko, zorrarekin zerikusia duten hainbat arlo aztertzeko.

Finantza sistemaren inguruan ere orain arte onartutakoak atzera bota beharko liratekeela uste du ELAk: Aurrezki Kutxen Legea bertan behera uztea eta kutxak finantza erakunde bihurtzeko erabakia alboratzea, besteak beste.

Katebegi bakoitza ez da bat bakarra, hamaika erabaki dira, eta, beraz, guztiak behar bezala uztartu ahal izateko, sindikatuen parte hartzea eskatu du ELAk. Herritarrek erabaki politikoetan parte hartu ahal izateko bidea irekitzea nahi du, eta sor daitezela harremanak arduradun politikoekin.

LABek ere mezu zuzena igorri zien atzo alderdiei. Euskal Herria «gotortzeko» akordio bat lortzeko eskatu die, Espainiako Gobernua «negoziatzen ari den esku hartzearen aurrean». Hala adierazi zuen Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak, Gasteizen egindako batzarrean. Haren arabera, Mariano Raxoiren gobernua eta Jaurlaritza hartzen ari diren erabakiak «borondatezkoak» dira, eta ez dituzte hartzen «behartuta» daudelako, haien aukera politikoa hori delako baizik. «[Murrizketak] lan eta giza eskubideen beste lapurreta bat dira».

Etxaidek beste behin ere adierazi du krisiak aurrera jarraituko duela diru publikoa bankuei ematen zaien bitartean, eta bereziki «gazteek, emakumeek, pentsiodunek, immigranteek eta urritasunen bat dutenek» pairatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.