Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroaren baikortasunak aho zabalik utzi ditu guztiak. Ekonomiaren moteltzearen ondorioz Espainiak defizitari jarritako muga ezingo duela errespetatu diotenei kontra egin, eta helburua «erraz eta eroso» beteko duela ziurtatu zuen atzo. Aurten ekonomia «%0,8koa edo zertxobait gehiago» haziko dela adierazi zuen, eta ez %1,3, urte hasieran aurreikusi zuten bezala. Gutxiago hazte horri, ordea, ez deritzo oztopo. Adituek ezinezko ikusten dute %7tik jaistea.
Herenegun zorra %7tik gorako interesarekin saldu izanari ere larritasuna kendu zion Salgadok, Espainiak aurten saldu beharreko zorraren %90 salduta daukalako. Gainera, jakinarazi zuen herrialdeak batez beste %4ko interesa pagatzen duela.
Inbertitzaileek, ordea, ez dute Salgadok adinako konfiantza, eta arrisku saria beste errekor batera eraman zuten atzo ere. Hamalau urtean lehendabiziko aldiz, oinarrizko 500 puntuko muga gainditu zuen Alemaniako zor bonuekiko aldea neurtzen duen adierazleak —503ra iritsi zen—. Italiari berari ere aurrea hartu zion, azken lau hilabeteetako joera iraulita. Saioa, baina, oinarrizko 441 puntuan bukatu zuen.
Erreferentzia gisa herenegun %7tik gorako interesarekin saldutako bonuak hartzeak arrisku prima neurrigabe igotzea eragin zuela azaldu zuen Ekonomia Ministerioak, baina neurri handi batean igoera artifiziala izan zela.
«Espainiak erraz beteko du defizita jaisteko helburua»
Salgadoren arabera, ekonomia espero baino gutxiago haztea ez da oztopo defizita BPGaren %6ra mugatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu