Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak garrantzia kendu dio desbideraketari. Are gehiago, Eurostaten metodologia aldaketari esker Espainiaren barne produktu gordina pixka bat igoko dela ziurtatu du, eta horri esker %6,5eko defizita izan duela Espainiak.
Diru sarreren eta gastuen arteko desoreka handiena Estatu zentralak eta Gizarte Segurantzak izan dute, BPGaren %5,49koa izan dute, finkatutako %5,2aren oso gainetik. Autonomia erkidegoek %1,54ko defizita izan dute (%1,3ko muga zuten). Hego Euskal Herriko gobernuei %1,2ko helburua jarri zien Espainiako Ogasun Ministerioak. Eusko Jaurlaritzak dio bete egin zuela, %1,08koa izan zuelako. 76 milioi euro gastatu gabe utzi zituen horretarako. Nafarroarena ez dago hain garbi: %1,57koa izan du 2012. urteko kontularitza egokitzapenak kontuan hartuz gero, eta %1,05 hori aintzat hartu gabe. Azken datu hori kontuan hartzea espero du Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak. Astelehenean emango dituzte datu ofizialak.
Estatuaren, Gizarte Segurantzaren eta erkidegoen defizita pilatuz gero %7tik gorako defizita izango luke Espainiako Erresumak. Baina udalek eta tokian tokiko beste erakundeek (foru diputazioak barne) superabit handia izan zuten, %0,47koa hain zuzen ere. Defizita izatea debekatu zien Madrilek.
2007an, krisiaren atarian, Espainiak %1,97ko superabita izan zuen. Orduz gero, diru sarreren amiltzearen ondorioz defizit publiko handiak izan ditu Espainiak: %4,51 2008an, %11,12 2009an, %9,61 2010ean, %9,07 2011n eta %6,98 2012a. Azken horiei bankuei emandako laguntzak gehituz gero, %10eko muga aise gainditu zuten.