Nafarroako Gobernuak gogo onez onartu du defizita BPG barne produktu gordinaren %1,5era jaitsi beharra. Eusko Jaurlaritza kexatu da, baina betetzeko prest dago. Ondorioa: gastuak murriztu edo diru sarrerak handitu beharko dituzte, aurtengo defizit publikoa BPGaren %1,5ean uzteko.
Autonomia erkidegoetako ordezkariak atzo bildu ziren Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroarekin, Zerga eta Finantza Politikarako Batzordean, Madrilen. BPGaren %1,5eko defizitaren mugaren alde bozkatu zuen Nafarroako Gobernuak; Eusko Jaurlaritzak ez zuen parte hartu bozketan. Kataluniako eta Kanarietako gobernuak abstenitu egin ziren. Andaluziako Gobernuak bakarrik bozkatu zuen kontra.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Eusko Jaurlaritza zer esan behar zuten entzutera bakarrik joan zen atzoko bilerara. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuarekin aurrez aurre jorratzen dituzte diru kontuak, batzorde mistoetan. Hala ere, Espainiako Gobernua ez dago prest salbuespenak egiteko. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur sinatuko dute defizita %1,5era mugatzeko proposamena.
Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuari atzoko bilerara sartu aurretik galdetu zioten ea defizitaren muga bete ahal izango duen, zerbitzu publikoak pribatizatu gabe edo berriro ordaindu gabe. Agirrek erantzun zuen datu makroekonomikoak ikusita zaila izango dela: «Defizita handitzeko tarte txikia utzi digute, eta zaila izango da helburua betetzea neurri gehiago hartu gabe». Murrizketak, alegia.
Jaurlaritzak ez du zehaztu non eta nola. Ez dauka aukera handirik. Idoia Mendiak aitortu zuen badakitela defizita mugatu eta «gastua arrazionalizatu» behar dutela, «baina betiere oinarrizko zerbitzuei eta ekonomia sustatzeko neurriei eragin gabe».
Aldaketak aurrekontuetan
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearentzat, defizitaren %1,5eko muga betetzea «ezinbestekoa» da, krisitik lehenbailehen ateratzeko eta «enplegua sortzeko». Nafarroako Gobernuak aurrekontuak berrikusiko ditu. Gastuak murrizteko edo diru sarrerak handitzeko? Barcinaren esanetan, murrizketak urtearen amaieran egin behar ez izateko. Aurten, iaz baino 50 milioi euro gehiago biltzea espero dute, PFEZaren igoeraren ondorioz.
Bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak iaz gainditu egin zuten Espainiarekin hitzartutako defizitaren muga, %1,3koa. Eusko Jaurlaritzarena ia bikoitza izan zen, %2,56koa (1.672 milioi euro), eta Nafarroako Gobernuarena, berriz, %1,89koa (370 milioi euro). Diru sarrerak nabarmen jaitsi zirelako eta handitzeko neurri adierazgarririk hartu ez zutelako. Aurten ere zaila izango dute helburua betetzea, ekonomia atzeraldian sartuko baita.
Espainiako Gobernuak erabaki du aurten defizit publikoa BPGaren %4,4ra jaitsi beharrean %5,8ra jaitsiko duela, iazko defizita espero baino handiagoa izan zelako, %8,5ekoa, %6koa beharrean. Isuna jarriko diola mehatxu egin dio Europako Batzordeak.
Eusko Jaurlaritza, EAJ, PSOE eta CiU kexu dira, Espainiako Gobernuak malgutasuna eskatu diolako Europako Batzordeari baina hark ez duelako malgutasunik izan autonomia erkidegoekin. Aurtengo berezko defizitaren muga 1,4 puntuan gainditu nahi du. Horietatik 0,2 puntu bakarrik dagozkie autonomia erkidegoen defizitei. «Eta autonomia erkidegoak gara oinarrizko hainbat zerbitzu eskaintzen ditugunak, osasuna eta hezkuntza, esaterako», gogorarazi zuen atzo Mendiak.
Administrazioen kontuak. Defizit publikoa
Espainiak ezarritako muga onartu dute EAEk eta Nafarroak
Nafarroako Gobernuak BPGaren %1,5eko defizitaren alde bozkatu du, eta Jaurlaritzak ez du botorik eman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu