Espainiako Bankuak amaitu du kapital premia zuten finantza erakundeei laguntzeko prozesua, oraingoz. Emaitza: dirua behar zuten hamahiru erakundeetatik hiru nazionalizatu ditu, eta beste batean esku hartu behar izan du.Kataluniako Unnim eta CatalunyaCaixa, eta Galiziako NovacaixaGalicia dira nazionalizatuak; esku hartu behar izan duena, berriz, CAM. 7.550 milioi euro jarri behar izan ditu FROB funts publikoaren bitartez, erakunde horiek gutxieneko oinarrizko kapitala (%10) edukitzeko.
Kapitala behar zuten hamahiru erakundeetatik hamarrek lortu dute kapital pribatua (5.838 milioi euro). Hiruk ez. Espainiak Unnim bankuaren kapital osoa eskuratu du (Caixa Terrassa, Sabadell eta Manlleu), euro bakar baten truke; NCG bankuaren %93, 2.465 euro pagatuta (Caixanova eta Caixa Galicia); eta CatalunyaCaixaren %90, 1.718 euro pagatuta (Caixa Catalunya, Manresa eta Tarragona). Hiruren artean 180.000 milioi euro dituzte aktiboetan.
Mare Nostrum bankuari eta Liberbanki 25 egun gehiago eman dizkiete, beharrezko kapitala lortzeko. Fernandez Ordoñezek esan zuen haien egoera «sendoa» dela.
CAMen kasuan, Espainiako Bankuak bertan esku hartu du, eta saltzeko asmoa du, osorik edo zatika. Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak bereizketa bat egin zuen nazionalizatutako erakundeen eta CAMen artean: «CAM ez da bideragarria». Gainerakoak bai, betiere, gobernadorearen esanetan, kostuak txikitzen eta ezarritako negozio irizpideak betetzen badituzte. Europako Batzordeak berregituratze plan bat eskatu die, «berriro bideragarriak izango direla bermatzeko».
Norbaitek FROBi nazionalizatutako bankuetan duen partaidetza erosi nahi izanez gero, %12,5eko interesa eskatuko dio.
«Makurretan makurrenak»
Fernandez Ordoñezek oso gogor kritikatu zituen CAM eta CAMeko arduradun ohiak, «makurretan makurrenak» direla esanez. Zergatik? Sekulako dirutzak kobratzeagatik eta kudeaketa txarra egiteagatik. Espainiako Bankuak aste honetan kaleratu du Maria Dolores Amoros zuzendari nagusia. Urtean 593.040 euro kobratzen zituen, eta bizi osorako 369.497 euroko errenta pilatzen zuen urtero.
Finantza sektorea berregituratzeko prozesuak bi urte iraun du. Duela bi urte, 45 kutxa zeuden; gaur egun, hamabost. Bat egin duten erakundeek zazpi langiletik bat kaleratu dute, eta bost bulegotik bat gutxiago daukate.
Euskal Herrian, BBK-k, Kutxak eta Vitalek ez dute kapital premiarik, baina bat egitea erabaki dute. Nafarroako Kutxak, beste kutxa batzuekin elkartu, eta Banca Civica sortu du. Burtsara atera da 847 milioi euro lortu ahal izateko.
Berez, duela bi urte finantza erakundeak birkapitalizatzeko abiatutako prozesua amaitu da, baina Fernandez Ordoñezek, badaezpada, gehiago egin ditzaketela esan zuen, zorraren krisiaren bilakaeraren arabera: «Ez dugu ezer baztertzen».
Espainiak Kataluniako eta Galiziako hiru aurrezki kutxa nazionalizatu ditu
Espainiako Bankuak ez du baztertu finantza erakundeek kapitala lortzeko prozesu gehiago bultzatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu