Defizit publikoa jaisteko asmoz Espainiako Gobernuak neurri garrantzitsuak hartu eta jakinarazi zituen lehengo ostiralean, 8.900 milioi euro aurrezteko, eta gaur Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoetarako ministroak iragarri du ostegun honetan beste batzuk hartuko dituela, "premia handiz defizitaren zauria ixteko". Ez du esan zer-nolako neurriak izango diren.
"Europari eta munduari erakutsiko diogu Espainiak ekimena eta erabakiak hartzeko gaitasuna daukan gobernua duela", adierazi du Montorok, Madrilen, bere ministerioko arduradun batzuen kargu hartze ekitaldian.
PPk ez du hitza bete zergen arloan, igoko ez zituela esan arren igo egin dituelako. "Erabaki zaila izan da, baina beharrezkoa", esan du Ogasun ministroak. Horren xedea hazkunde ekonomikoa sustatzea, enplegua sortzea, zerbitzu publikoak finantzatzea, eta lurralde eta gizarte kohesioari eustea izan da, haren arabera.
Gobernuak ostiralean iragarri zituen murrizketa batzuk: 2012an estatuko funtzionarioen soldatak izoztu egingo ditu eta haien asteko lanordu kopurua 35etik 37,5ra igoko du, gutxieneko soldata profesionala izoztu egingo du, administrazio publikoetako egiturak %20 murriztuko ditu, hainbat zerga "behin-behinean" igo egingo ditu (kasu, diru gehien dutenentzat), alderdi politiko, sindikatu eta enpresarien elkarteei diru laguntzak %20 jaitsiko dizkie...
"Ezohiko egoerarako ezohiko neurriak dira", zioen Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak.