Espainiak zerga gehiagorekin estali nahi du argindarraren tarifa defizita

Zazpi zerga berri sortu ditu argindar ekoizleentzat, horien artean %6koa ekoizle guztien diru sarrerentzatHurrengo aldaketa tarifa arautua, merkeena, gehiago mugatzea izango da

Goi tentsioko dorreak, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Zerga gehiago, tarifa defizitari aurre egiteko. Zerga gehiago argindarra sortzen duten enpresei eta, logikaz, faktura garestiagoak Hego Euskal Herriko herritarrentzat. Espainiako Gobernuak ukatu egin badu ere. Zazpi zerga berri sortu ditu argindar ekoizleentzat, horien artean %6ko zerga orokorra ekoizle guztientzat, argindarra sortzeko erabiltzen duten teknologiaren arabera bereizketarik egin gabe. Ia 3.000 milioi euro inguru biltzea espero du, horietatik batzuk hiru urteko epean.

Espainiako Gobernuak atzoko Ministroen Kontseiluan onartu zuen energia sektorearen erreforma, lege aurreproiektu baten bidez. Erreforma baino gehiago, tarifa defizitaren 24.000 milioi euroko zuloari aurre egiteko zergen igoera orokorra da. 2013an indarrean sartzea nahi du.

Espainiako Gobernua ez da ausartu energia sektorearen eta argindarraren prezioa baldintzatzen duten osagaien erreforma orain egitera. Jose Manuel Soria Industria ministroak abuztuaren hasieran esan zuen hurrengo urtean egingo dutela argindar sektorearen «erreforma sakona», argindar tarifa erabakitzeko prozedura aldatzeko.

Soriak hurrengo aldaketa iragarri zuen atzo, eta herritar gehienei eragingo die: tarifa arautua eduki ahal izateko gehieneko potentzia jaistea. Gaur egun, hamar kilowatteko potentzia baino txikiagoa kontratatuz gero, tarifa arautua eduki daiteke. Familia gehienek tarifa arautua baliatzen dute, merkatu librekoa baino merkeagoa baita. Soriak bost megawattera jaitsi nahi du, eta herritar gehiagok jo beharko dute merkatu librera.

Tarifa defizita gabezia historikoa da, orain Europaren gomendioek konpontzera behartua. Baina, zer da? Argindar ekoizleen esanetan, argindarra sortzearen kostua handiagoa da, herritarrak argindarra kontsumitzeagatik ordaintzen duen prezioa baino. Bien arteko alde negatiboari deitzen zaio tarifa defizita.

2000. urtetik pilatuz joan da, 24.000 milioi eurora iritsi arte, Espainiaren barne produktu gordinaren (BPG) %2tik gora. Zorraren zati bat titulu bihurtu eta saldu egin dute. 7.000 milioi euro falta dira. Espainiak urtean 2.150 milioi euro ordaintzen ditu defizitaren interesengatik.

Espainiako Gobernuak zazpi zerga sortu ditu tarifa defizitari aurre egiteko: ekoizleei diru sarrerengatik, %6koa; zentral nuklearrei, hondakin erradioaktiboak sortzegatik bata eta biltzeagatik bestea (hainbat autonomia erkidegotako zergak ordenatu ditu); zentral hidroelektrikoei, ur kontinentalak erabiltzeagatik; eta gas naturalari, ikatzari eta fuel olioari, argindarra ekoizteko erabiltzen denean.

Ia 3.000 milioi euro bildu nahi ditu. Karbono dioxidoa isurtzeko eskubideak saltzeagatik lortutako dirua ere tarifa defizita estaltzeko erabiliko ditu. 2013an 450 milioi euro izatea espero du.

Berriztagarriei ere bai

Diru gehiena argindar ekoizleei megawatt bakoitzeko ezarriko dien %6ko zergarekin bildu nahi du: 1.260 milioi euro. 688 milioi euro erregimen berezikoetatik (berriztagarriak eta kogenerazioa) eta 571,7 milioi euro erregimen arrunteko enpresetatik (nuklearrak, hidraulikoak, ziklo konbinatuak, ikatza...).

Helburua da tarifa defizita gehiago ez gizentzea. Berez, 2010ean eta 2011n tarifa defizitak, gehienez, 1.500 milioi eurokoa izan behar zuen, baina azkenean 4.000 eta 5.000 milioi eurokoa izan zen, hurrenez hurren. Aurten ere 1.500 milioi euroko muga du. Datorren urtean, baina, ezin du tarifa defizitik egon. Kostuen aldeak jarraituko du, baina Espainiako Gobernuak zerga berrien diru diru sarrerekin berdindu nahi du zuloa.

Soraya Saenz de Santamaria gobernuko bozeramaileak esan zuen helburua erreformak kontsumitzaileei ez eragitea izan dela, tarifa defizitari aurre egiteko prezioak igo behar izanez gero, %43 igo beharko zirelako. Hala ere, Soriak gauza bakarra esan zuen: ezetz espero duela, erreforma «bidezkoa» delako.

Sei urtean %70 garestiago

Azkeneko sei urtean argindarraren prezioa %70 garestitu da, eta Espainian argindarraren prezioa Europako Batasuneko herrialde gehienetan baino garestiagoa da.

Espainiako Gobernuak aurreratu du urteko azken hiruhilekoan argindarraren prezioan ez daukala asmorik bere zatia igotzeko. Gobernuari dagokio fakturaren erdia; energia enkanteari bestea. Irailaren 25ean egingo da enkantea eta enkantearen emaitzak baldintzatuko du argindarraren prezioa. Soriaren esanetan, tarifa defizita desagertzea lortzen badute, orduan gobernuak ez du bere zatia —kostuak konpentsatzeko bidesariak— aldatu beharko , eta argindarraren prezioa «merkatuaren esku» geratuko da, kostuen menpe.

Erreforma polemikoa eta iskanbilatsua izan da. Ez bakarrik energiaren sektoreko enpresak kontra izan dituelako. Baita Espainiako Gobernuaren barruan Soriaren eta Cristobal Montoro Ogasun ministroaren arteko liskarrak izan direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.