ekonomia

Espainiak zorraren 3.300 milioi euro saltzea lortu du, baina azken hiru urteetako interes handienarekin

Hiru urterako bonuak %4,90eko interesarekin saldu ditu; hiru urte eta erdikoak, berriz, %5,05ekoarekin. 2.500 eta 3.500 milioi euro bitartean lortu nahi zituen haren Altxorrak. Espainiaren arrisku hobaria eguerdian 365 puntuan zen; atzo 407raino igo zen. 

2011ko abuztuaren 4a
16:17
Entzun

Espainiako Altxorrak zor publikoaren 3.300 milioi euro saltzea lortu du gaur, baina  2008. urtetik ordaindutako interes handienarekin. 2.500 eta 3.500 milioi euro bitartean lortu nahi zituen Altxorrak, bonu eta obligazioen salmentari esker. 

Alde batetik, hiru urterako bonuak saldu ditu —2.198 milioi euro—, %4,90eko interesarekin —uztailaren 7an %4,32koa zen—. Bestetik, hiru urte eta erdiko bonuak %5,05eko interesarekin saldu du. Espainiako Altxorrak ez du abuztuan operazio gehiago egiteko asmorik.

Atzo Espainiak ordaintzen duen arrisku hobariak berriro inoizko mailarik handiena gainditu zuen, eta 407 oinarrizko puntura iritsi zen. Egunak aurrera egin ahala, ordea, egoera orekatu egin zen, eta merkatuen presioa apur bat arindu; Espainiaren arrisku hobariak 385ean bukatu zuen. Gaur eguna 381ean hasi du, eta 359eraino jaitsi da; eguerdian 365ean zegoen.

Espainiako Gobernuak abuztuan krisiaren aurkako neurri ekonomikoak hartuko ditu. "Agian" farmazia gastuaren erreformarako lege dekretua onartuko dutela aipatu zuen atzo Ramon Jauregi Presidentzia ministroak, sozietate zergan aldaketak egon daitezkeela ere aipatu zuen, eta beste dekretu legeren bat ere onartu nahi dutela, enpleguarekin lotutakoa. Leire Pajin Osasun ministroak orain aste batzuk esan zuen 2.400 milioi euro aurreztu daitezkeela farmaziako gastuak murriztuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.