Espainiako Bankuak adierazi du diru gehiago beharko dela kutxak salbatzeko

Erakunde txiki eta ertain batzuek oraingo moduan eusterik ez dutela ziurtatu du Fernandez Ordoñezek

Iker Aranburu.
2009ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bezperan Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroaren oso bestelako mezua eman zuen atzo Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak. Lehenengoak aurrezki kutxentzat eta bankuentzat arazo handirik ez zuen ikusten, baina bigarrenak diru publikoa eskatu zuen finantza sektorea laguntzeko, eta «erakunde txiki eta ertain batzuk» berregituratu beharko dituela ziurtatu zuen.

Caja Castilla la Mancha Estatuak bere gain hartu behar izateak erakutsi du Espainiako finantza sistema ez dela Madrilgo agintariek esan bezain sendoa. Hala uste du Fernandez Ordoñezek ere: «Nabaria da, CCMren kasuak erakusten duen moduan, nazioarteko krisiak irauten badu, entitate txiki eta ertain batzuk berregituratu beharko direla». Atzo bertan, aurrezki kutxak «arriskuan dagoen sektorea» dela ohartarazi zuen OCDEko ekonomista-buruak, Klaus Schmidt-Hebbelek.

Arrisku horiei aurre egiteko dirua prestatzeko eskatu zion Fernandez Ordoñezek Gobernuari. Baina ohartu zuen finantza sistema salbatzea berez sektore pribatuaren lana dela, eta formula egokiak bilakatu behar direla, kasuz kasu, zergadunentzat kostua ahalik eta txikiena izan dadin. Kasu horretan ez funtzionatu arren, hurrengoetarako Gordailuen Bermerako Funtsa baliatu beharko dela aipatu zuen. Banku eta kutxa guztien kapitala handitzearen aurka mintzatu zen, eta beraien erakundeak larri utzi dituzten zuzendariei eskatu zien«erantzukizuna» beraien gain hartzeko.

Cuatro telebista katearen arabera, Espainiako Bankuak sei hilabetez baizik ez du izango CCMren kontrola. Lehenengo kutxaren kontuak aztertuko dituzte, gero saneatu eta urtea amaitu aurretik CCM saldu egingo dute, ziur aski enkante baten bidez, 1993an Banestorekin gertatu bezala. Espainiako Bankuak espero du operazioan dirurik ez galtzea.

CCMren esku hartzeak kezka handia eragin die Gasteizko Hegal enpresako langileei, kutxa hori baita haien jabe Aernnovaren akziodun nagusia. «Kezka eta beldurra gorputz barruan sartuta dauzkagu», aitortu zuen atzo Jesus Antolin enpresa batzordeko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.