Gudaren lehen biktima egia da. Krisi ekonomikoei dagokienez, akaso, lehen kaltetua langileen babes sistema izango da. Langileak kaleratzeen truke ematen den kalte-ordaina murrizteko ofentsiban beste aliatu bat bildu zuten atzo patronalek. Miguel Angel Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak garestiegitzat jo zuen egungo sistema, eta ez dela kontratazioa sustatzeko akuilu ziurtatu zuen.
Kaleratzea merkatzeko eskaera ez da berria, baina enpresaburuen ordezkariek krisi ekonomikoaren ondoeza baliatu nahi dute aurretik lortu ez dutena gauzatzeko. Langabezian dauden pertsonen kopurua handitzen ari da hilabetez hilabete, eta Espainiako Gobernuak egoerari aurre egiteko eskura dituen tresnak agortzen ari direla aitortu du Pedro Solbes Ekonomia ministroak, besteak beste.
Fernandez Ordoñezek kritikatu zuen kaleratze gastu guztiak enpresaburuek ordaindu behar izatea, horrek kontratazioa eta enpresa berrien sorrera zailtzen duelako. Halaber, oraingo babes sistemak langabezia areagotzen eta langileen produktibitatea trabatzen duela ziurtatu zuen.
Ideia zehatza Madrilgo Enpresaburuen Konfederazioari zor zaio, baina segituan bere egin zuen Espainiako CEOE patronalak, Gerardo Diaz Ferran presidentearen bidez. Hain zuzen ere, «krisiaren aurkako kontratua» sortzea proposatu dute, funtsean, kaleratze merkeago batekin. Eredu berri horrekin langileak lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko kalte-ordaina jasoko luke. Gaur egun, kontratu finkoa duten beharginek 45 eguneko kalte-ordaina dute, baina bada 33 eguneko ordaina duen eredua ere, behin-behinekotasunari aurre egiteko aitzakiarekin Espainiako Gobernuak onartu, eta CCOO nahiz UGT sindikatuek babestu zutena.
Oraingo honetan, ordea, batzuen eta besteen tesiak guztiz kontrajarrita daude. Enpresaburuen ordezkarien irudiko,kalte-ordain horiek «garestiak» dira, horrek ez ditu enpresak kontratu berriak egitera bultzatzen, eta langileak behar izatekotan, aldi baterako bilatzen dituzte. Egungo egoeran kaleratze merkeago horri esker langabezia arinduko litzatekeela ere ziurtatu dute Arabako SEA patronalean, besteak beste.
Sindikatuen ustez, aldiz, formula horrek soilik kaleratzeko aukera erraztea esan nahi du, eta, ondorioz, langabezia eta langileentzat ziurgabetasun handiagoa baino ez ditu ekarriko. UGT eta CCOO bat datoz iritzi horretan.
Espainiako Gobernua, uzkur
Lan erreforma baterako ez da giro, are gutxiago enpresaburuen eta sindikatuen arteko akordiorik ez badago. Horixe da oraingoz Espainiako Gobernuak hartu duen jarrera, haren esku baitago lan legedia erreformatzeko eskumena. Langabeziaren hazkunde bortitza arazo larria da Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuarentzat, baina agindu du ez dutela moldaketa sakonik egingo aldez aurretik eragileen artean adostasunik ez badago.
Kaleratze merkeago baten aukera errefusatu du Zapaterok azken asteotan. Aldiz, langabezia sariaren estaldura ez dela murriztuko ziurtatu du, eta babes hori handitu ahal izateko moduak aztertzen ari direla aurreratu zuen joan den asteazkenean Kongresuan egindako agerraldian, zehaztasunik eman gabe.
Espainiako Lan ministroak, Celestino Corbachok, jarrera hori berretsi zuen atzo, eta Gobernuak ez duela soldatak izoztea eskatuko edo doako kaleratzea baimenduko ohartarazi zuen.
Espainiako Bankuak ere bat egin du kaleratzea merkatzeko eskaerekin
Patronalak kalte-ordaina 45 egunetik hogei egunera murriztea nahi du, baina oraingoz ez du Zapateroren gobernuaren oniritzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu