Espainiako finantza erakundeei kalifikazio jaitsiera orokorra egin die Moody's rating agentziak, atzo aurreratutakoa betez. Bat eta lau koska artean jaitsi ditu Espainiako 28 bankuren notak, Gobernuak bankuen erreskatea ofizialki eskatu ostean. Horrek erakunde batzuk zabor bonuen pare jarri ditu; hots, inbertsio arriskutsu eta espekulatiboen mailan.
"Gaurko jaitsiera hau Espainiako Gobernuko kaudimen nota ahuldu ostean izan da, ekainaren 13ko berrikuspenean islatuta geratu zen bezala", azaldu du agentziak ohar bidez.
Ondorengo bankun notak jaitsi ditu: Banco Santander, BBVA, Banca March, Bankinter, Banco Cooperativo Español, Banco Popular Español, Banco Sabadell, Unicaja, Banco Pastor, Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioa (CECA), Caja Rural de Granada, Bankoa, Liberbank, Ibercaja Banco, Cajamar Caja Rural, Ahorro Corporacion Financiera, Lico Leasing, Bankia, Banco CEISS, Catalunya Banc, NCG Banco, Banco CAM, Dexia Sabadell eta Banco de Valencia.
28 finantza erakundeetatik, Santander bankuak lortu du Estatuko bankuen kalifikazio onena, Baa2 batekin.
Moody'sen arabera, Gobernuaren kaudimen arazoek ez dute finantza erakundeak laguntzeko ahalmenean soilik eragingo, kreditu profilean ere eragina izango dute. Agentziaren ustez, bankuek kreditua behar izateak "seguru aski galera handiagoak eragingo dizkie”, eta horrek “kanpoko laguntza behar izateko aukera gehitu”ko die.
Halere, kalifikazio agentziak positibotzat jo du Espainiak banku sistema babesteko hartutako neurriak.
Moody's agentziak ekainaren 13an Espainiako zorraren kalifikazioa jaitsi zuen, A3-tik Baa3-ra, eta aurreikuspen negatiboarekin jarri zuen.
Euskal finantza erakundeak
Kutxabank eta Bankoa bankuek ez dute proba gainditu eta espekulazioaren eta bono-zaborraren pare utzi ditu agentziak, Ba1 notarekin. Euskadiko Kutxak aldiz, gutxigatik baina gainditu egin du, baita Nafarroako Rural Kutxak ere. Baa3 nota jarri die agentziak.