Espainiako eraikuntzako lan hitzarmenak kezka eragin du Gipuzkoan

CCOOk, UGTk eta CEOE patronalak Espainian adostu nahi dituzte hitzarmeneko edukien %90

Miren Garate.
Donostia
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eraikuntza sektoreko langileek bi urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe. Lehendik ez aurrera eta ez atzera zeuden negoziazioei beste arazo bat batu zaie orain: Espainiako eraikuntzako lan hitzarmena. CCOOk, UGTk eta patronalak sinatu zuten joan den astean. ELAk salatu du edukien %90 Espainian erabakitzea adostu dutela, eta hitzartutako puntuak ezinbestean aplikatu beharko direla probintzia mailako itunetan. Halakorik «inondik inora» ez dutela onartuko esan du Luis Fernandez sindikatuko Hainbat saileko idazkari nagusiak.

«Lan baldintzak homogeneizatu nahi dituzte probintzia guztietan», esan du. Soldatetan, esaterako, urtean 10.000 euroko aldea dago Gipuzkoako langileen eta Espainiakoen artean. Hain zuzen, soldatak eta lanaldia dira CCOOk, UGTk eta patronalak Espainian erabaki nahi dituzten edukietako bi, eta probintzia mailako itunen esku «kontu hutsalak» geratuko lirateke.

ELAko ordezkariek Adegiri galdetu diote ea Espainiako hitzarmen hori onartuko duen. «Adegik estatuko hitzarmenari zer kasu egingo dion ikusi behar dugu, baina, hori gorabehera, gu borrokarako prest gaude». Atzo bertan, sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin zuten Adegiren egoitzaren aurrean. Besteak beste, lan hitzarmena betetzeko galdegin zioten enpresaburuen elkarteari, «orain orduko hiruzpalau euro irabazten ari direlako langileak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.