Finantza publikoak

Espainiako eta Nafarroako gobernuek 75 milioi euro inbertsiora zuzentzea hitzartu dute

Gaur bildu dira Uxue Barkos eta Pedro Sanchez, eta bileraren atarian jakinarazi dute akordioa

Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria eta Manu Aierdi lehendakariordea, Nafarroako parlamentuan, urriaren 18ko politika orokorreko eztabaidan. FOKU
joxerra senar
2018ko urriaren 31
06:56
Entzun

Espainiako Gobernuak erantzunik ematen ez ziela ikusita, urriaren 4an, Nafarroako Parlamentuak iazko superabiteko 215 milioi euroetatik 113 milioi inbertsiora zuzentzeko legea onartu zuen. Azkenean, ordea, Madrilekin hitzartu du 75 milioi izango direla.

Hain zuzen ere, gaur eguerdian bilera izan dute Moncloan, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Mahai gainean zituzten auzien artean inbertsioena zen nagusietako bat. Hala ere, oraindik ere bete gabeko eskumenen transferentzia eskatuko du Barkosek.

Urrian onartutako legeak jaso zituen zertan erabiliko ziren 113 milioiak, baina orain 43 milioi euro gutxiago direnez, diru atal horietako batzuk kendu beharko ditu. Gobernuak bere garaian argudiatu zuenez, inbertsiook datorren urtean ejekutatzeko aukera luke.

Inbertsioen gaiak eztabaida piztu zuen Nafarroako gobernua sostengatzen duen laukoaren eta PSNren artean. Maria Txibite PSNko idazkariak ziurtatu zuen Madrilek ez zuela onartuko 113 milioi inbertitzeko legea, Barkosen gobernuak lana "gaizki" egin zuela ohartarazita. Espainiako Gobernu ordezkari izateari uzteko erantzun zion laukoak.

Inbertsio iraunkor kontzeptua 2018ko Estatuko aurrekontu orokorren 116. xedapenean txertatu zen, eta baldintza zehatz batzuk betez gero, administrazioei aukera ahalbidetzen zitzaien aurreko urteko superabita inbertsiorako zuzentzea. Nafarroaren kasuan, iaz Espainiako Gobernuarekin 2015-2019 eperako ekarpenaren kalkulua hitzartu ondotik, 2015 zein 2016 urteetan Nafarroak gehiegi ordaindutakoa itzuli behar izan zion Espaniak, eta horren ondorioz izan zuen 215 milioi euroko superabita. PPren exekutiboak hasieratik ohartarazi zuen gastu-araua bete behar zela eta diru soberakina zorraren amortizaziorako izan behar zuela. Alta, aurrekontuen xedapen horrek aukera eman du zati bat inbertsiorako izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.