Espainiako Gobernua murrizketa plan gogorra lantzen ari da

Pentsioen izoztea, BEZa igotzea, funtzionarioen kaleratzea eta langabezia saria jaistea mahai gainean daude

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak onartutako doikuntza txiki utziko du Espainiakoak esku artean daukanak. Reutersen arabera, Madril 30.000 milioi euroko plana prestatzen ari da. Agentzia horrek dio diru gehiena gastu publikoaren murrizketaren bidez lortu nahi duela, langabezia sariak mugatzea edo txikitzea, pentsioak izoztea eta funtzionarioak kaleratzea eta haien soldatak jaistea baitaude eztabaidagai. Zerga igoerak ere espero dira, BEZarena nahiko ziur, baina baliteke erregaien gaineko zerga berdea ezartzea eta doako autobideak erabiltzeagatik pagatzen hasi behar izatea.

Ekonomia Ministerioko iturriek onartu egin dute neurri horiek edo beste batzuk mahai gainean daudela, baina haiei buruzko erabakirik ez dagoela ziurtatu dute. «Ez dugu erabakirik hartu. Kalkulu teknikoak daude, honekin zenbat aurreztu daitekeen edo beste horrekin zerbait bil daitekeen. Baliteke [aipatutakoaren] zati bat izatea, dena ala ezer ez», esan dio gobernuko iturri batek Expansión egunkariari.

Plan horren bidez, Espainiako Gobernuak seinalea bidali nahi die Europako Batasunari eta merkatuei, haiek ez baitute uste orain arte indarrean jarritako neurriekin gai izango denik aurten defizit publikoa %5,3ra txikitzeko. Neurri gogorrak aurkeztuta, espero du Bruselak beste urtebete emango diola defizita %3ra jaisteko, 2014ra arte, alegia.

Italiak ere aurki

Merkatuen jomugan dagoen euroguneko beste estatua ere ari da etxeko lanak egiten. Mario Monti Italiako lehen ministroak hurrengo egunotan onartuko du erakunde publiko batzuen desagerpena, probintzien arteko bat egitea eta funtzionario kopurua %10 eta goi kargudunak %20 gutxitzeko plana. Neurri horien bidez, 12.000 milioi euro aurreztu nahi ditu Erromak, eta erakutsi nahi du gai dela bere kasa defizita gutxitzeko. «Italiak ez du laguntzarik eskatuko bere defizita txikitzeko», ziurtatu zuen atzo Montik, eta agindu zuen aurten egiturazko %2ko defizita izango duela —zorraren ordainketa kontuan hartu gabe—. Montiren alboan, Angela Merkelek txalotu egin zuen Erromak hartutako neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.