Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak ezusteko ederra eman zuen atzo. Inork ezer espero ez zuenean, krisiari aurre egiteko neurri berriak iragarri zituen Espainiako Kongresuan. Bederatzi neurri dira guztira, eta esanguratsuenak Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa (AENA) eta Estatuaren Loteria eta Apustuak (LAE) enpresa publikoen pribatizazioak eta enpresei zergetan eskainiko dizkien onurak. Pribatizazioei esker 14.000 milioi euro inguru lortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Biharko Ministroen Kontseiluan onartuko dituzte proposamenak.
1. Aireportuak
AENA-Aireportuak estatu sozietatea sortuko dute. Aireportu sarea eta sozietate berriak aireportuetan eskainiko dituen zerbitzuak kudeatzea izango da haren lana. Kapitalaren erdia pasatxok -gutxienez %51- publikoa izaten jarraituko du, baina gainontzekoa esku pribatuetan utzi nahi dute. Espainiako Gobernuaren irudiko, 9.000 milioi euro inguru jaso ditzake trukean.
Pribatizazioa nola egin erabakitzea falta zaio orain. Sustapen Ministerioak ez du nahi AENAren %49 burtsara ateratzerik; nahiago du zati hori azpiegituren arloko inbertsio funts handien esku utzi. Zailena, ordea, eskaintza interesatzen zaien inbertsiogileak topatzea izango da, kapitalaren %51 estatuarena izanik, bazkide berriek erabakitzeko ahalmenik ez dutelako izango. AENAren zati bat pribatizatzeko asmoa iragan urtarrilean jakinarazi zuen Jose Blanco Sustapen ministroak. Orduan, baina, esku pribatuetan kapitalaren %10 besterik ez zutela utziko esan zuen, %39 erkidegoena izango zela eta %51 estatuarena.
AENAren zati bat ez ezik, Madrilgo Barajas eta Bartzelonako El Prat aireportuen kudeaketa ere esku pribatuetan utzi nahi ditu Espainiako Gobernuak. Abertis, Ferrovial edo haien antzeko beste enpresaren bat litzateke egokiena, Sustapen Ministerioaren ustetan, beste aireportu batzuen kudeaketan esperientzia dutelako. Haren kalkuluen arabera, Barajasen kudeaketa 30 edo 40 urterako esleitzeak 9.000 milioi euro inguru balioko lituzke, eta 5.000 milioi euro inguru El Pratenak. Oraingoz bi horien kudeaketa baino ez dute pribatizatuko, baina denborarekin eredu hori aireportu gehiagotara zabaltzea da asmoa.
Iaz 304,3 milioi euro galdu zituen AENAk. Horietatik 300 milioi Barajasko aireportuari zegozkion, terminal berriaren eraikitzeak eragindako zorra tarteko. Aurten, berriz, 420 milioi euroren galerak espero ditu.
2. Loteria eta apustuak
Estatu sozietate izaera emango diote Estatuaren Loteria eta Apustuak (LAE) erakunde publikoari. Horrek kapital pribatuaren sarrera ekarriko du. Hasiera batean sozietatearen %30 utziko dute esku pribatuetan, eta trukean 4.000 milioi euro inguru jasotzea espero ditu Espainiako Gobernuak. Pribatizazio prozesuaren nondik norakoak oraindik argitu ez dituen arren, ia ziurra da oso harrera ona izango duela, loteria eta apustuena zenbaki mamitsuak mugitzen dituen sektorea baita. Urtean 10.000 milioi euro inguru fakturatzen ditu eta 12.000 zuzeneko eta 25.000 zeharkako langile ditu.
3. 426 euroko laguntza
Otsailetik aurrera ez dute 426 euroko laguntzarik jasoko langabezia saria agortu duten pertsonek. Enplegu politika aktiboak arautzeko legedi berriaren baitan kenduko dute laguntza. Izan ere, langabeei lana bilatzen laguntzeko zerbitzua indartuko dute, orientatzaileen kopurua bikoiztuta.2008ko udatik, 1.500 orientatzaile jarduten dira horretan Espainiako enplegu zerbitzu publikoetan; aurrerantzean, 3.000 izango dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragin txikia izango du neurriak, errenta bermatzeko ematen duten laguntza handiagoa delako, eta bateragarriak ez direlako.
4. Merkataritza ganberak
Orain arte, enpresa eta langile autonomo guztiek merkataritza ganberei kanon bat ordaintzeko betebeharra zeukaten. Aurrerantzean borondatezkoa izango da. Ondorioz, enpresa txiki eta ertainei emandako zerbitzuengatik jasotzen dutenarekin finantzatu beharko dute ganberek.
5. Funtzionarioak
Funtzionario berriek Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean kotizatuko dute, eta ez estatuko klase pasiboen erregimenean, orain arte moduan.
6. Enpresen sorrera
Enpresak sortzea errazteko epeak laburtu, gastuak txikitu eta oztopoak kenduko dituzte.
7. Lan agentziak
Lan agentzia pribatuen sektorea arautuko dute: azkar sortzeko modua eta haien jarduteko baldintzak finkatuko dituzte, besteak beste. Lan merkatuaren erreforman aurreikusitakoa garatuko dute horrela. Aldi baterako lan enpresei deitzen diete lan agentzia pribatuak.
8. Sozietate zerga
Orain sozietate zerga orokorra (%30) ordaintzen duten enpresa askori tasa murriztua (%25) ordaintzeko aukera emango diete.Enpresa txikiek dute tasa murriztuari heltzeko eskubidea, eta aldatu egingo dituzte enpresa bat txikitzat hartzeko baldintzak. Batetik, zortzi milioi eurotik hamar milioi eurora arte handituko dute negozi zifraren muga; bestetik, 120.000 eurotik 300.000 eurora arteko handituko dute gehienezko irabazien muga. Neurriak ez du eragingo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, sozietate zerga desberdina dutelako.
9. Amortizazioa
Hiru urtera arte luzatuko dute sozietate zerga libreki amortizatzeko epea, 2012tik 2015era.
ZORRAREN KRISIA. ESPAINIAREN NEURRIAK
Espainiako Gobernuak 14.000 milioi euro lortu nahi ditu pribatizazioekin
AENA Aeropuertosen %49, Madrilgo eta Bartzelonako aireportuen kudeaketa eta loterien %30 pribatizatuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu