Espainiako Gobernuak balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) igoko du, baina ez du igoko oinarrizko produktuen BEZa. Hala iragarri zuen Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak atzo. Ez zuen zehaztu igoera zenbatekoa izango den.
Hiru BEZ mota daude. Orokorra (%16koa), murriztua (%7koa) eta supermurriztua (%4koa). Espainiako Gobernuko ordezkariek BEZ orokorra %16tik %18ra igotzeko aukera aipatu izan dute azken egunetan. Salgadok atzo ez zuen igoerari buruzko zehaztasunik eman.
Baieztatu zuen gauza bakanetakoa izan zen BEZ supermurriztua, oinarrizko produktuena, ez dutela igoko. Zerga hori dute honako produktuek: ogiak, esneak, gaztak, arrautzek, frutak, barazkiek, zekaleek eta lekaleek -betiere produktu naturalak badira-, liburuek, egunkariek, aldizkariek eta eskolako materialak, ezinduentzako autoek eta babes ofizialeko etxeek.
Espainiako Gobernuak datorren astean jakinaraziko du zergak igotzeko egingo duen proposamena. Orduan aurkeztuko baititu 2010erako aurrekontuak. Hala ere, aurrekontuak oposizioko alderdiekin negoziatu beharko ditu, eta ikusteko dago gainerako alderdiek zer-nolako jarrera izango duten zergen igoeraren negoziazioan.
Salgadok baieztatu zuen ez dutela aldaketarik egingo lan errentetan, «aldaketen eragozpenak abantailak baino gehiago baitira».
«Pedagogia ariketa handia»
Zergak igotzeak kostu politikoa du. Herritarrak haserretzen ditu. Are gehiago krisia badago eta igotzen dena jendearen diru sarrerak bereizten ez dituen zerga bat bada. Hori jakinda, Salgadok berak onartu zuen «inori» ez zaiola gustatzen zergen igoera jasatea, eta Espainiako Gobernuak «pedagogia ariketa oso handia» egin beharko duela herritarrei zergen igoera azaltzeko.
Espainia ez da BEZa igoko duen herrialde bakarra. Finlandiak bi puntu igo zuen atzo, %22tik %24ra. Espainiak Europako BEZ apalenetakoa du. Frantziak, esaterako, %19,6koa du, eta Alemaniak %19koa.
BEZaz gain, Espainiako Gobernua aztertzen ari da tabakoaren eta erregaien zergak eta kapitalen errentak igotzea.
Espainiako Gobernuak baieztatu du ez duela igoko oinarrizko produktuen BEZa
BEZa supermurriztua dute ogiak, esneak, arrautzek, frutak, barazkiek, liburuek edota egunkariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu