Espainiako Gobernuak bere kabuz arautuko du negoziazio kolektiboa

Espainiako patronala eta sindikatu nagusiak ez dira ados jarri, eta gaur zortzi onartuko du erreforma Ministro KontseiluakCEOEk prozesuan izandako jokabidearekin bat datorrela azaldu du Confebaskek

Confebask patronaleko buruzagiak: Eduardo Aretxaga, Miguel Lazpiur eta Nuria Lopez de Gereñu. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Lan merkatuarekin eta pentsioekin gertatu zen gisara, Espainiako Gobernuak bere kabuz arautuko du negoziazio kolektiboa. Gobernuko ordezkariek jakinarazi dutenez, ekainaren 10ean egingo den Ministro Kontseiluan onartuko du erreforma, gaur zortzi. Espainiako patronala eta bi sindikatu nagusiak ez dira ados jarri, eta elkarrizketak atzo hautsi zituzten, azken saioaren ondotik.

Negoziazioen egoera errotik aldatu da azken egunetan. Joan den astean, elkarrizketak aurrera egiten ari zirela islatzeko, elkarrekin argazki bat atera zuten Joan Rosell CEOE patronaleko presidenteak eta UGT eta CCOOko idazkari nagusiek, Candido Mendezek eta Ignacio Fernandez Toxok. Akordioa hurbil zegoela ziurtatu zuten sindikatuek, baina, ustekabean, jarrera gogortzea erabaki zuen CEOEk. Rosellek bere iritzia aurrera ateratzeko trabak izan ditu, patronaleko sektore batzuk leunegi aritzea egotzi izan diotelako.

Esku artean zegoen erreformatik haratago, enpresaburuen norabide aldaketa joan den maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitzekin lotura dutela iradoki dute Espainiako Gobernuko ordezkariek. Azkena, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea bera izan zen, irrati bati emandako elkarrizketan. «Maiatzaren 20rako sindikatuei proposamen bat bidaltzeko konpromisoa hartu zuen CEOEk, eta maiatzaren 23an egin zuen. Zergatik?». Galdera horri patronalak erantzun beharko diola uste du Zapaterok, baina agiriak aldez aurretik eztabaidatu zenarekin alde «esanguratsua» duela esan zuen.

Erreformaren oinarria patronalaren eta sindikatuen artean izandako hurbilketa izango dela iragarri zuen Zapaterok. Besteak beste, moldaketak ultraaktibitareari mugak jartzea espero da. Gaur egun, iraupena amaitzen denean lan itunek indarrean jarraitzen dute, beste hitzarmen batekin ordezkatu arte. Itunen eguneratzea bizkortzeko aitzakiarekin, epemugak ezarriko lirateke. UGTk eta CCOOk itun bakoitzerako epemuga hori erabakitzea eskatzen zuten, eta CEOEk sei-zortzi hilabete ezartzea, asko jota.

Epe hori pasata akordiorik ez balego, lan hitzarmena arbitratze batera eraman behar izatea aztertu zen negoziazio mahaian. Arbitratze hori derrigorrezkoa izango den edo ez eta nolako baldintzak izango dituen zehaztu beharkodu orain Lan Ministerioak.

CEOEk, UGTk eta CCOOk agerraldiak egin zituzten arratsaldean, negoziazioen amaiera azaltzeko, eta akordiorik egon ez izana ausardia falta egotzi zioten elkarri. «Sindikatuak zuhurrak izan dira, zuhurregiak, eta espero dugu ausardia gehiagoz aritzea aurrerantzean egungo egoera aldatzeko», Rosell patronaleko buruaren hitzetan. CEOEk ez dituela bere proposamenaren ardatzak aldatu esan zuen, gainera.

«Patronalak ez du akordio bat egin zedin urratsa egiteko ausardiarik izan», kritikatu zuen UGTko idazkari Candido Mendezek. Sindikatuen aburuz, giro presioa jasan ondoren «beldur apur bat» izan dute enpresaburuek erreforma sinatzeko. CCOOko Ignacio Fernandez Toxok, berriz, hauteskundeen eta Portugalgo erreskateen itzala aipatu zituen. «Baten batek pentsatu zuen Portugalgo bultzada baliatu behar zuela negoziatzen ari ez ginen erreforma bati buruz hitz egiteko».

Confebask, CEOEren alde

Goizean, CEOEk negoziazioetan hartutako norabidea babestu zuen Confebaskek, eta Espainiako patronalaren proposamenak bere egin zituen Miguel Lazpiur euskal enpresaburuen elkarteko presidenteak. Beste ezer baino gehiago, enpresen barne malgutasuna handitzeko aldaketak eskatu zituen. Erreformak ez direla langileentzat kaltegarriak izango ziurtatu zuen, halaber. «Onuragarriak izango dira. Hor dago Alemaniaren adibidea. Gauza asko aldatu ziren, eta inor ez da kexatu».

Lan egutegiak eta lanaldiak aldatzeko «boterea» eskatu zuen Lazpiurrek enpresaburuentzat, eta ultraaktibitatea indarrean jarraitzeak ez duela «inolako zentzurik» azaldu zuen. Era berean, absentismoa mugatzeko neurri zehatzak eskatu zituen, «diru xahutze itzela delako».

Kontratazioaren alorrean Madrilgo CEIM enpresaburu elkarteak egindako proposamen polemikoak —bi urteko kontratua 641 euroko soldatarekin— babesteari uko egin zion Nuria Lopez de Gereñuk, Confebaskeko idazkari nagusiak. «CEOEren barruan jarrera ezberdinak daude, eta hemendik egindako eskaerek ez dute zertan besteen parekoak izan». Esparru horretan, dena den, gazteak laneratzeko kontratu merkea martxan jartzea eskatu zien Lazpiurrek administrazio publikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.