ekonomia

Espainiako Gobernuak dio ez duela erreskatearen inguruko erabakirik hartu

Reuters berri agentziak gaur zabaldu du litekeena dela Espainiak asteburuan eskatzea erreskatea, biharko euroguneko Ekonomia ministroek telekonferentzia bat antolatu baitute. Europako Batzordeak esan du ez dutela erreskate eskaerarik jaso baina prest dauzkatela "erreskatea martxan jartzeko mekanismoak". 

2012ko ekainaren 8a
12:09
Entzun

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak gaur arratsaldean adierazi du oraindik ez dutela erreskatearen gaineko erabakirik hartu, eta sektorearen egoeraren inguruan eskatutako txostenen emaitzen zain daudela berretsi du. NDF Nazioarteko Diru Funtsak astelehenean emango ditu bere zenbakiak, eta beste bi auditoreek iragarri dute ekainaren erdialdera emango dutela lehen azterketaren berri.

Gaur Reuters berri agentziari Europako iturriek jakinarazi diotenez, Espainiako Gobernuak asteburuan eska diezaioke Europari bankuak birkapitalizatzeko erreskatea. Berri agentzia horren arabera, euroguneko Ekonomia ministroek telekonferentzia bat iragarri dute biharko, laguntza planaren inguruko xehetasunak eztabaidatzeko.

Iturrietako baten arabera, Espainiak larunbat arratsaldean eskatuko du erreskatea. Hori horrela balitz, euroguneko kideen artean erreskatatua den laugarrena izango litzateke.

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak erreskatea ukatu zuen duela hamar egun, eta gaur goizean adierazi du ez duela "espekulazioez" hitz egiten —Reutersen informazioaren berri izan ondoren esan du—. Marta Fernandez Curras Estatuko aurrekontuen idazkariak gezurtatu egin du erreskatea larunbatean eskatuko dutela.

Atzo, Raxoik esan zuen Espainiako Gobernuak eskatutako analisiaren emaitzei itxarongo ziela, erabaki bat hartu aurretik. "Kopuruak jakiten ditugunean eta Europako kideekin hitz egin ondoren, espainiarrentzat onena den erabakia hartuko dugu", esan zuen.

40.000 eta 120.000 milioi euro arteko erreskatea aipatzen ari dira Espainiako finantza erakundeentzat.

Europako Batzordeak ezeztatu egin du erreskate eskaerarik jaso dutela. "Baina hala balitz, erreskatea martxan jartzeko mekanismoak prest dauzkagu", azaldu dute. 

 

 

 



 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.