Espainiako Gobernuak krisiari aurre egiteko asmoz neurriak hartzen jarraitzen du, eta gaur Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak jakinarazi du estatuko erkidegoei gastu muga ezarriko diela. Arau hori betetzen ez duenak zigorrak jasoko lituzke.
Gobernuak, kontrol horretarako, Egonkortasun eta Iraunkortasun Legea sortuko du. "Administrazio bakoitzarentzat gastu muga bat egongo da, arautua, eta muga horren barruan erkidego bakoitzak erabakiko du zertan xahutzen duen dirua", esan du Saenz de Santamariak.
Politika Fiskal eta Finantzario Kontseilura eramango du legearen aurreproiektua, asteartean. Kontseiluko kide dira estatuko erkidego guztiak. "Ados jartzen saiatuko gara", adierazi du gobernuko presidenteordeak, ministroen bileraren ostean.