Krisia eurogunean

Espainiako Gobernuak etzi eskatuko du ofizialki erreskatea

Maileguak epe luzea izango du, eta gutxienez bost urte igaro ahalko ditu gobernuak ezer itzuli gabe

Erredakzioa
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Finantza erakundeen erreskaterako bide orria argitzen ari da Espainiako Gobernua. Etzi, laguntzaren eskaera ofiziala egingo die Europako Batasuneko beste herrialdeei. Ondoren, maileguak izango dituen baldintzei buruz negoziatzen jarraituko dute, eta horiek jasotzen dituen memoranduma uztailaren 9an sinatzeko asmoa dute.

Arazoak dituzten bankuen kapital falta estaltzeko asmoz, gehienez ere 100.000 milioi euroko erreskatea hitzartu zuen Espainiak euroguneko herrialdeekin, joan den ekainaren 9an. Espainiak ez du oraindik jakinarazi zenbat diru eskatuko duen. NDFk eta aholkularitza enpresek egin dituzten azterketek 16.000 eta 62.000 milioi euro arteko beharra azaleratu dute, egoera ekonomikoa zein den.

Maileguaren truke Espainiak izango dituen finantza baldintzei buruzko azalpen batzuk eman zituen atzo Luis de Guindos Ekonomia ministroak Luxenburgon. Erabiliko diren irizpideak beste herrialdeei ezarri zaizkienen antzekoak izango dira, hots, maileguak epe luzea izango du, hamabost urte edo gehiago. Era berean, interesak eta kapitala itzuli behar izan gabe bost eta hamar urte bitartean igaro ahalko ditu Espainiak. Azkenik, interesa %3 eta %4 artekoa izango da. Bigarren mailako merkatuetan Espainiako hamar urterako bonuen interesa %7tik hurbil dago orain.

Laguntza zuzenaren alde

Raxoiren gobernuaren helburua izan da bankuek laguntza Europatik zuzenean jasotzea. Hori ukatu egin dio behin eta berriro Alemaniak, eta mailegua Espainiak eskatu behar duela eta horren erantzule gobernua dela ohartarazi dio. Atzo, berriro ere, aukera hori mahai gainean jarri zuen De Guindosek, eta ez dagoela itxita ziurtatu zuen.

Edozein modutan, kapitalizazio zuzena Europan eztabaidatzen ari den banku batasunaren parte izatea nahi du ministroak, eta Espainiarentzat «etorkizun ez oso urrun batean» eskura izango dela espero du.

Erreskateko dirua FROB bankuak berregituratzeko funtsak kudeatuko du. Erakundeak kapitalizatzeko bide nagusia maileguak izango dira, bonu bihurgarrien bidez. FROBek titulu horiek erosiko dizkie bankuei, eta erakundeek %8,5eko interesa ordaindu beharko diote, hots, Espainiak ordaindu beharrekoaren gainetik.

Haatik, Efe agentziak aipatutako Ekonomia Ministerioko iturrien arabera, baliteke FROBek banku batzuetan kapitala zuzenean sartzea, akzioak erosita. Halako laguntza jasotzen duten erakundeek ez dutela interesik ordaindu beharko aurreratu du ministerioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.