Espainiako Gobernuaren kontraesanak agerian geratu ziren atzo beste behin ere. Oraingoan, Cristobal Montoro Ogasun ministroaren eskutik. Duela bi urte Espainiako Kongresuan esan zituenak ezerezean geratu dira, Montorok berak BEZa igoko dutela baieztatu baitu. Orduko hartan, BEZa igotzeari «ezezko biribila» eman zion. «Eraginik gabeko» neurria eta erabaki «bidegabea» zela irmo adierazi zuen. «Krisi ekonomikoarentzat kaltegarria» zela eta igoerak langabezia gehiago ekarriko zuela esan zuen. Atzo, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko udako ikastaroetan emandako hitzaldi bat aprobetxatu zuen iragarpena egiteko, BEZa noiz igoko duten zehaztu gabe. Hala, Europako Batzordeak egindako eskaerak bete nahi ditu Espainiak. Ostiralean Espainiako Ministro Kontseiluak bilera du, eta baliteke bilera horretan onartzea neurria.
Erabaki horrek ondorio zuzenak izango ditu Hego Euskal Herrian, BEZaren eta zerga berezien tasak eta antolakuntza finkatzea Madrilen esku baitago. Gobernua zera aztertzen ari da: hainbat produktu eta zerbitzuren tasa murriztua —%8koa dena— eta supermurriztua —%4koa— tasa orokorrera igotzea, hau da, %18ra. Turismoarekin lotutako zerbitzuei ez die ezarriko igoera, hala nola ostalaritzari. Beste hainbat neurri ere aurreratu ditu Madrilek: etxebizitza kenkaria kentzea eta langile publikoen asteko lanaldia luzatzea.
Gobernuaren helburuetako bat zerga iruzurrari aurre egitea dela esan du Montorok, eta argudiatu du BEZa ez litzatekeela «horrenbeste» igo behar «ordaindu behar dutenek ordainduko balute». Haren arabera, Espainian gutxi ordaintzen da BEZ zergan, beste herrialde batzuekin alderatuta. «Ekonomia beltza izango ez bagenu, eztabaida hau ez genuke izango», azaldu du. BEZa igota, zerga bidezko diru bilketa handitu nahi du gobernuak, 2007tik nabarmen egin baitu behera: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, BEZ bidezko diru bilketa %19,1 jaitsi da iaztik. Zerga guztien artean BEZa da diru gehien biltzeko aukera ematen dutenetako bat, errenta zergarekin batera. Zeharkako zerga da, hau da, diru gehiago edo gutxiago izan, guztiei maila berean aplikatzen zaie.
Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteak ez du begi onez hartu iragarpena. Haren ustetan, zergak igo ordez, gastua murriztea da bide egokiena. Montorok, baina, Europak zehaztutakoari jarraitzeko asmoa agertu du: «Europako Batzordeak esandakoak beteko ditugu. Gobernu guztiek eta erakunde guztiek horiek bete ditzaten ahalegindu behar dugu». NDF Nazioarteko Diru Funtsak ere BEZa «berehala» igotzeko gomendatu zion duela hogei egun pasatxo Espainiari. «Oraingoz ez», erantzun zion Raxoik.
Zergak igotzearen aurka
Apirilean bertan Luis de Guindos Ekonomia ministroak iragarri zuen zerga egituran aldaketak izango direla hurrengo urteari begira, diru gehiago biltzeko asmoz. BEZ zerga zehazki ez zuen aipatu, baina soilik zerga bereziak igota —tabakoa, alkohola eta erregaiak—, gobernuak ez lukete nahi adina diru bilduko. Zergak igo eta kotizazioak jaitsita, 8.000 milioi euro gehiago jaso nahi ditu gobernuak, De Guindosek azaldu zuenez.
Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak behin eta berriro errefusatu du igoera. Iaz, Espainian hauteskunde orokorrak izan baino lau egun lehenago, argi mintzatu zen Raxoi: «Ez dut zergarik igoko». Lehenengo Ministro Kontseiluan, ordea, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igo zuen.
PPk gogor kritikatu izan du duela bi urte PSOEk BEZaren tasa orokorra %16tik %18ra igotzeko hartu zuen erabakia. Tasa orokorra igotzeaz gain, tasa murriztua ere igo zuen, %7tik %8ra. Mantendu zuen bakarra supermurriztua izan zen.
Espainiako Gobernuak hitza jan eta BEZa igoko du, baina ez du zehaztu noiz
Zerga iruzur handiak horretara behartzen duela argudiatu du Montorok Europaren agindua zuritzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu