2011n goia jo zuen erreserba funtsak, pentsioen eltzetxoa deitutakoak. 66.815 milioi eurorekin. Baina urte horretan, krisiak milioika langileren kaleratzea eragin zuenez, defizitean sartu zen sistema, kotizazioak ez zirelako nahikoak gastuak estaltzeko. Orduz gero, Espainiako Gobernuak erreserbara jo du hainbat aldiz, batez ere udako eta Gabonetako aparteko sariak ordaindu behar izan dituenean. Gaur egun 15.020 milioi euro geratzen dira kutxa horretan.
Azken hilabeteotan, enpleguak gora egin ahala, hobera egin dute Gizarte Segurantzaren kontuek. Iaz 18.000 milioi euroren defizita izan zuten, baina aurten, maiatzera arte, ia 2.800 milioi euroren superabita dute. Diru hori, ordea, ez da nahikoa aparteko saria pagatzeko, 9.000 milioi euro ingurukoa baita. Horregatik. Espainiako Gobernuak gaurko bileran onartu du 10.192 milioi euroren mailegu bat ematea Gizarte Segurantzari, hark ordainketa egin dezan. Uztaileko aparteko ordainketa egiteko 5.986 milioi hartuko dituzte hortik, eta beste 3.514 milioi erreserbatik hartuko dute (11.500 milioi inguru geratuko dira).
2017ko aurrekontuetan azaltzen zen aparteko mailegua, Madrilek bazekielako ez zuelako nahiko dirurik izango aparteko sariak ordaintzeko.