Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak «ausardia» eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari gutxieneko soldata igo dezan. KPIa %2,7 igotzea espero da, eta argindarra eta gasa «etengabea» garestitzen ari direnez, ministroak funtsezkotzat jo du gutxieneko soldata igotzea: «Gobernu aurrerakoi batek ahulenak zaindu behar ditut. Eztabaida ez da zenbat igoko den soldata, igo dadila baizik. Baldintza hauetan erosmen ahalmena galtzen ari dira». Espainian, egun, gutxieneko soldata 950 euroko hamalau ordainketa dira.
Diazek eta Sanchezek bilera bat egin dute gaiari buruz hitz egiteko, eta, ministroak hari buruzko xehetasun handirik eman ez zuen arren, garbi utzi du gutxieneko soldataren igoera eta lanpostu galera uztarri berean lotzea «hanka sartze handia» dela: «Datuek aurkakoa diote. Kataluniako indultuekin izandako ausardia bera izan behar dugu gutxieneko soldata igotzeko. 2023an epaitzen gaituztenean ahulenengatik eginikoagatik epaituko gaituztea».
Ministroak aldi baterako erregulazioek ere izan ditu hizpide, eta argi utzi du baldintza bereziak irailetik aurrera ere luzatuko direla. «Ez du zentzurik orain erortzen uztea», azaldu du. Izan ere, nazioarteko turismoa oraindik ez da pandemia aurreko datuetara itzuli, eta horrek luzatzea behartuko du. Irailekoa azkeneko luzapena izango den esatera ez da ausartu. Luzapen horien muina Espainiako Gobernuak enpresei aldi baterako erregulazioetara joateko erraztasunak dira, besteak beste, soldataren ordezko diru saria eta kotizazioen zati bat bere gain hartuz. Enpresek, trukean, ezin dute kaleratzerik egin.