Espainiako pentsioen erreforma, udaberrirako

Funtzionarioen soldataren zati bat produktibitatearen araberakoa izatea aztertzen ari dira

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Lan merkatuaren erreformaren ostean, pentsioen sistema publikoarena etorriko da. Espainiako Gobernuak data jarri du jada: datorren urteko martxoa eta apirila artean aurkeztuko dio bere lege proposamena Kongresuari. Alegia, atzeratu egingo du, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak behin baino gehiagotan esan baitu prest egon behar zuela urtea amaitzerako.

Valeriano Gomez Lan ministroak atzo aurkeztu zien lan egutegia Kongresuko Toledoko Ituneko Batzordeko kideekin. Gomezen arabera, batzorde horrek gomendioak urtea amaitu baino lehen zehaztea nahi dute. Horretarako, lana bizkortu beharko dute. Urtarrilaren erdialdean gomendioak gizarte eragileekin eztabaidatu nahi dituzte, hau da, enpresarien elkarteekin eta sindikatuekin. Horren ostean, Espainiako Gobernuak martxoan edo apirilean aurkeztuko luke bere proposamena, betiere apirila baino lehen.

Espainiako Gobernuak pentsioen sistema aldatzeko proposamena aurkeztu zuen urtarrilean. Gaia eztabaidatzen ari dira Kongresuko Toledoko Ituneko Batzordean. Proposameneko neurri nagusia erretiro adin ofiziala 65 urtetik 67ra atzeratzea da. Gainerako alderdi guztiak neurri horren kontra daude, baina Espainiako Gobernuak ez du aukera hori baztertu nahi. Hori bai, erretiro adina atzeratzearen ordez, pentsioa jasotzeko kotizatu beharreko urte kopurua handitzearen alde egin dezake, babesen bat lortzeko.

2011n pentsioak izoztearen kontrako proposamen bat bozkatuko dute gaur Kongresuan, ERCk, IUk eta ICVk elkarrekin, eta UPNk bere kabuz proposatuta. Emilio Olabarria EAJko diputatuak atzo iragarri zuen EAJk proposamen horren kontra bozkatuko duela.

Funtzionarioen soldata

Erretiratuak bakarrik ez, funtzionarioak ere gogoan ditu Espainiako Gobernuak bere planetan. Funtzionarioen soldataren zati bat produktibitatearen araberakoa izatea aztertzen ari da, Manuel Chaves hirugarren presidenteordearen arabera. Sindikatuekin bildu nahi du, aldaketaaztertzeko. Funtzionarioen lanpostua aurrerantzean ere finkoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.