ekonomia

Espainiako Repsol petrolio ekoizleari YPF adarra kenduko dio Argentinak

Estatuak akzioen %51 hartuko ditu, eta beste %49 herrialdean petrolioa duten probintzien artean banatuko da. Hark esan du YPFk irabaziak akziodunen artean banatzea hobetsi duela eta horregatik jaitsi dela produkzioa.

2012ko apirilaren 16a
19:05
Entzun

Cristina Fernandez Argentinako Gobernuko presidenteak jakinarazi du bere estatuak Espainiako Repsol petrolio ekoizlearen YPF adarra bereganatuko duela, akzioen %51 hartuta. Haren arabera, beste %49 petrolioa duten Argentinako probintzien artean banatuko dute. Hori gauzatzeko, Fernandezek lege proiektu bat bidaliko du kongresura.

"Ez da nazionalizazioa, subiranotasuna berreskuratzea baizik. Enpresa modu profesionalean kudeatu, eta erakutsiko dugu estatuaren baliabideak modu egokian kudea daitezkeela”, esan du Argentinako presidenteak jendaurreko agerraldi batean, Buenos Airesen. 

Fernandezek beharrezko guztia ez inbertitzea leporatu izan dio Repsol YPFri, eta gaur ere horixe esan du. Hau da, inbertitu beharrean YPFk irabaziak akziodunen artean banatzea hobetsi duela adierazi du Argentinako presidenteak, eta horregatik jaitsi dela produkzioa.

Petrolio produkzioa murriztu egin du, eta Argentinak petrolio eta gas gehiago inportatu behar du. Aurten, lehen aldiz, Argentinak esportatu duen baino energia gehiago inportatu du, energia saltzeagatik jaso duen dirua baino 3.438 milioi dolar gehiago gastatu behar izan du energia erosten.

Baina petrolio ekoizleak dio iaz YPFk inoiz baino diru gehiago inbertitu zuela Argentinako ustiategietan —3.266 milioi dolar— eta aurten 3.500 milioi dolar inbertituko dituela.

YPF Argentinako hidrokarburo ekoizle eta zerga ordaintzaile nagusia da. Repsolek 1999an erosi zuen, 13.500 milioi euro ingururen truke. Fernandezen arabera, YPF "desnazionalizatu" egin zen orduan.

Repsolen esku dago YPFren %53,47. Argentinako Petersen taldeak —Eskenazi familia— %25,46 dauka, eta hark kudeatzen du YPF. Eskenazitarrak Nestor Kirchner orduko Argentinako presidentearen —Fernandezen senarra— gertukoak ziren, eta Kirchnerren babesa izan zuten YPFn sartzeko.

Nazionalizazioak Hego Amerikan

Nazionalizazioak asko zabaldu dira azken urteotan Hego Amerikan. Petrolioari eta gasari dagokienez, Bolivian, Ekuadorren eta Venezuelan egin dituzte batez ere, aberastasunen kontrola eta irabaziak berreskuratzeko eta aberastasuna gizartean banatzeko. Evo Moralesek, Rafael Correak eta Hugo Chavezek beren programen eta agintaldien ardatz bihurtu dute erregaien ustiapena berreskuratzea.

Nazionalizazioen ondorioz, atzerriko hainbat konpainiak herrialdeak utzi dituzte, baina gehienek bertan jarraitu dute, petrolioa eta gasa ustiatzea errentagarria baita oraindik. Gainera, herrialdeek zailtasunak izango lituzkete petrolio ustiapen guztiak beren gain hartzeko, beharrezko inbertsioagatik eta teknologiagatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.