REE Espainiako Sare Elektrikoak CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari igorritako ohar batean jakinarazi dio TDE Elektrizitate Garraiatzailea enpresa nazionalizatzeak ez duela eraginik izango haren negozioetan eta taldearen emaitzetan. Evo Morales Boliviako presidenteak atzo iragarri zuen enpresa nazionalizatzeko erabakia.
Sare elektrikoak ohartarazi du oraindik zehazteke dagoela nazionalizazioa bideratzeko prozedura, baita ezarriko zaion prezioa ere.
REEk "harrituta" jaso zuen atzo Boliviaren erabakia; izan ere, TDEko akzioen % 99,94 bereak ziren Nazioarteko Sare Elektrikoa enpresaren bitartez.
Luis De Guindos Espainiako Ekonomia ministroak ez du begi onez hartu gaur Boliviaren erabakia, baina azpimarratu du Moralesek ziurtatu diola Espainiako konpainiari kalte-ordaina emango diola. Europako Batasuneko Ekonomia ministroekin zuen bileraren aurretik, De Guindosek esan du Sare Elektrikoa "zerbitzu ona" eskaintzen ari zela Bolivian.
Europako Batzordea "kezkatuta" agertu da gaur TDEren nazionalizazioarekin, eta uste du horrek nazioarteko diru ezarleei "ezezko seinale bat" igortzen diela. Horrekin batera, Boliviak Espainiarekin dituen akordioak errespetatuko dituela espero du Europako Batzordeak, eta kalte-ordaina "azkar eta modu egokian" emateko eskatu dio. Auzia "gertutik" jarraitzen ari dela ohartarazi du.