Zorraren krisiaren ekaitza Italiarantz doala, Jose Luis Rodriguez Zapaterok aterkia atera du Espainiaren gainean geratu den laino beltzetik babesteko. Aterkia liberal klasikoa da: babes sozialari hozkada bat eman dio, 426 euroko langabezi sari berezia kenduta; enpresa txikiei eta ertainei zergak jaitsiko dizkie, eta Estatuaren ondasunak salduko ditu, defizita murrizteko.
Ustekabe handirik ere ez da izan neurrietan, horietako batzuk Ekonomia Iraunkorraren Lege proiektuan agertzen zirelako edo iragarrita zeudelako. Baina inor gutxik espero zuen Zapaterok Kongresuko agerraldi arrunt bat erabiltzea berehala indarrean jarriko direla iragartzeko. PP isilaraztearekin batera, Europako Batasuneko bazkideak eta finantza merkatuak lasaitzeko egindako keinua da.
Gauzak okertzen direnean neurriak hartzeko gai dela erakutsi nahi izan du Zapaterok. Bruselatik eskatu dion B plana ez ezik, beharrezkoa bada C, D eta E planak ere badituela defizita gutxitzeko, eta salbamendu plan berezirik gabe ere Espainia gai izango dela bere zorrak pagatzeko. Ondorengo asteotan beste zenbait untxi atera behar badira, hor daude pentsioen erreforma, negoziazio kolektiboarena eta, gauzak asko larrituz gero, langabezia sariaren gutxitzea ez da oso urrun ibiliko.
Neurriak finantza merkatuak baretzeko gai ote diren gaur bertan ikusiko da: Espainiako Altxor Publikoak 1.750 eta 2.750 milioi euro arteko bonuak salgai jarriko ditu, hiru urtean itzuli beharrekoak. Zor guztia saltzea lortuko duen ez ezik, zer interes pagatu beharko duen ere ikusteko dago. Orain arte bere zorra saltzea lortu du Espainiak, baina gero eta interes handiagoa pagatu behar du inbertitzaileak erakartzeko.
Horixe bera gertatu zaio Eusko Jaurlaritzari ere. Atzo 150 milioi euroko zorra jaulki zuen, eta %4,32ko interesa pagatu beharko du hurrengo lau urteotan, urrian eskainitako bonuetan baino gehiago. Nazioarteko merkatuen ezezkoaren beldur, Euskal Herriko aurrezki kutxek edo erakundeek kudeatzen dituzten pentsio eta inbertsio funtsei saldu die zorra. Maiatzetik, zor publikoaren krisia Grezian lehertu zenetik, Jaurlaritzak etxekoen diruen babesa bilatu behar izan du. Ez da bakarra: Kataluniako Generalitateak ere hango herritarrei saldu dizkie bonuak, eta asmo horiexek ditu orain Valentziakoak ere. Espainiaren aterkiaren azpian egotearen ajeak.
ZORRAREN KRISIA. ESPAINIAREN NEURRIAK.
Espainiaren aterkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu