Atzo eta gaur eraikuntzako lan arriskuen prebentzioari buruzko kongresua ari dira egiten Donostiako Kursaalean, Osalanek antolatuta. Inaugurazio ekitaldian egin zituen adierazpenak Lopezek. «Aurrerapen handiak egin ditugu sentiberatze arloan, baina estatistikak traumatikoak dira oraindik», esan zuen.
Haren arabera, bakoitzak bere konpromisoak bete behar ditu lan merkatua seguruago izan dadin. Enpresek segurtasun neurriak jarri behar dituztela langileen eskura; langileei bitarteko horiek erabiltzea eta kontuz ibiltzea dagokie; administrazioaren zeregina, berriz, adi egotea da Lopez irudiko, segurtasun neurriak betetzen diren edo ez ikusteko.
Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri nahi duen neurri bat ere iragarri zuen Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak inaugurazio ekitaldian. «Instituzioen arteko akordio garrantzitsu bat sustatuko dugu azpiegitura publiko handien kontrola eta ikuskatzeak sendotzeko». Krisi garaia izan arren, osasun arloko inbertsioak ez murrizteko eskatu zien enpresaburuei. Azken bi urteetan sektoreko jarduera murriztu egin den arren, halakorik ez dela islatzen lan istripuen datuetan nabarmendu zuen.
Istripuak gutxitzen
Euskal Herriko eta Espainiako hainbat adituk hartu zuten parte atzo kongresuan. Pilar Collantes Osalaneko arduraduna izan zen horietako bat. Azken hamar urteetako datuek eraikuntzako istripuak gutxitzen ari direla erakusten dutela esan zuen. «Baina ez guk nahi genukeen neurrian».
Zenbakien bidez erakutsi zuen sektorearen egoera. Osalanen datuen arabera, azken hamar urteetan %58,4 jaitsi dira eraikuntzako istripu larri eta hilgarriak: %74 Araban, %58 Bizkaian eta %52,3 Gipuzkoan. Heriotza gehienak langileak nobaitetik erori ostean izan dira, %35 hain zuzen. Adinari dagokionez, erdiek baino gehiagok 25 eta 44 urte artean zituzten.
Datuak
AZKEN HAMAR URTEAKIstripu larriak eta hilgarriak. %58,4 jaitsi dira: %74 Araban, %58 Bizkaian eta %52,3 Gipuzkoan.
Sexua. Lan istripuz hil direnen %99 gizonezkoak izan dira.
Adina. Istripu larria izan dutenen %52k 25 eta 44 urte artean zituzten.
Denbora. Istripua larria izan dutenen %40k sei hilabete baino gutxiago zeramatzaten enpresan.
Kontratua. Istripu larria eduki dutenen %66k aldi baterako kontratua zuten.
Arrazoia. Eraikuntzan, %35 nonbaitetik erorita hil dira.