Azterketa sakonagoek egiaztatu beharko dute harreman zuzena, baina finantza balioekin laburreko salmentak egiteari ezarri zitzaion debekua kendu zen egun berean gogotik erori zen Espainiako bankuen kotizazioa. Urteko bigarren saiorik txarrena itxi zuen Ibex-35 indizeak, %2,1 atzera egin ondoren, finantza erakundeen galera oparoek bultzatuta.
Asteazkenean jakinarazi zuen CNMV burtsa ikuskatzaileak laburreko salmentak baimentzeko erabakia. Joan den urteko abuztuaren 11n debekatu ziren. Garai horretan Europako bankuek galera itzelak pilatzen ari ziren, eta arrisku hobariaren presioak goia jo zuen Espainian eta Italian. Finantza erakundeek merkatuan jasotzen zuten jipoia gelditzeko asmoz, laburrerako salmentak debekatu zituzten zenbait herrialdek, horien artean Espainia, Frantzia eta Belgika. Azken egunetan denek egin dute atzera.
Laburreko salmentaren bidez, merkatuak behera egitearen aldeko apustua egiten du inbertitzaileak, maileguan hartutako akzioekin. Jokaldia ondo ateratzen bazaio, akzioak galdutako balioa sakelaratzen du egileak. Praktika horrek espekulazioa gizentzen du, baina, aldi berean, merkatuari likidezia ematen diola adierazten dute haren aldekoek.
Banca Civica, %5,6 behera
Finantza erakundeentzat egun gogorra izan zen atzokoa. BBVA bankuak, esaterako, %4 pasatxo galdu zuen, eta Eurostoxx-50 indizeko bigarren galerarik handiena izan zen, Italiako Enelen atzetik. Banca Civica %5,6 erori zen. Ibex- 35eko beste banku guztiek galera esanguratsuak pilatu zituzten. Handienak Bankia (%7,2), Caixabank (%6,2), eta Popularrek (%6,2) izan zituzten.
Zenbaki gorriak nagusitu ziren egunaren joanean Europako burtsetan. Azkenean, hala ere, aurreko saioaren pare itxi zuten Frantziako CAC-40 eta Alemaniako Dax-30 indizeek. Milango burtsak puntu bat baino gutxiago galdu zuen. Merkatuek ez aurrera ez atzera jarraitzen dute. Alde batetik, Greziako bigarren erreskatearen bideak argitu gabe jarraitzen du. Bestetik, kontinenteko 114 finantza erakunderi kalifikazioa berrikusiko diela iragarri zuen atzo Moody's agentziak.
Azken egunetan ere gora egin du berriro arrisku hobariak. Espainiaren kasuan, 370 oinarrizko puntuak gainditzeraino iritsi zen atzo. Goizean 4.000 milioi inguru saltzea lortu zuen Espainiako Altxorrak. Hori bai, erosleei eman beharreko interesak gora egin zuen, aurreko enkanteetan gertatu ez zena.
Espekulatzaileak burtsara itzuli diren egunean gogotik erori dira bankuen akzioak
BBVAk %4 galdu du, eta Banca Civicak %5,6; Espainiako Ibex-35ak urteko bigarren saiorik txarrena itxi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu