Torrealdaik Euskaltzaindiarako sarrera hitzaldian gaur zabaldu duen hori, aspaldi dago burtsan zabalik. Datu bakar batean oinarritutako poz eztandak (bezperako AEBetako BPGarekin gertatua), hurrengo egunean berregokitu ohi dira, gutxi asko. Bibliografiarik gabeko aipamena da hori, baina esperientzian oinarritua. Kontsumitzaileen konfiantza ahuldu izana eta CIT finantza taldearen porrota gertatzeko aukerak, salmenta oldea eragin zuten eta Dow Jones ere %2 pasa galtzen ari zen Ibex-35 (-%2,3) lotaratu zenerako. Endesarentzat (+%0,13) salbu, galeren gorria izan zen atzoko lege edo forua: Telecincoren (-%9,07) zoramenera iritsi gabe, %3ren bueltan galdu zuten bi banku handienek, %2,36 Repsolek, %1,59 Iberdrolak eta %0,83 Edurnezurik. 2.464 milioiren salerosketa izan zen Ibex-35eko akzioetan ohiko merkatuan, kopuru horren erdia Santander eta Edurnezuri erraldoiek akziotan. Azken hilean %3,7 jaitsi arren, azken seihilekoan %28 irabazi du Ibex-35ek.
K1 Group izeneko hedge fund kudeatzailearen (inbertsio funts espekulatzaileak) burua, Helmut Kiener, asteazkenean atxilotu egin zuen Alemaniako Poliziak. Erresuma Batuko Barclays bankuari 240 eta Frantziako BNPri 60 milioiren galerak eragin dizkien iruzurra leporatzen diote, besteak beste. JPMorgan eta Societe Generalek ere 400 milioiren galerak izango lituzkete, Bloomberg berri agentziak zabaldu zuenez. Bernard Madoffen kopuruak urruti dituen arren, gardentasunik batere ez duen jarduera baten arriskuen erakusgarri.
Esperientziari leihoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu