Duela hiru urte bezalaxe, estatuak beren diru zorroak irekitzen ari dira finantza erakundeen porrota eragozteko. Dexia bere gain hartzea eta zatitzea hitzartu dute Belgikako, Frantziako eta Luxenburgoko gobernuek. Greziak Proton banku txikia nazionalizatu du, eta Txinak diru gehiago jarriko du bere bankuen kapitalean.
Dexiako administrazio kontseiluak ontzat hartu zuen atzo goizaldean hiru herrialdeetako gobernuek hitzartutako erreskate plana. «Erabaki zaila izango da, baina kontseiluak ez du zalantzarik izan bere erantzukizunak onartzeko orduan», azaldu duJean Luc Dehaene Dexiako administrazio kontseiluko presidenteak. Dehaeneren kasuan, ardura hartzeko modua dimisioa ematea izan da, Dexiako Belgikako adarrari dagokionez behintzat. Adar hori erabat nazionalizatuko du Belgikako Gobernuak, 4.000 milioi euroren truke.
Jabetza publikoa izango du Dexiaren Frantziako adarrak ere, Dexia Municipal Agencyk (DMA). Caisse des Depots et Consignations CDC banku publikoak eta Banque Postalek hartuko dute bere gain. Belgikakoa banka komertzialean ere aritzen da, baina Frantziakoaren negozio nagusia udalei eta tokiko beste erakundeei maileguak ematea da. Azken asteotan kritika handiak jasan ditu, hainbat kontseilu nagusi eta herriko etxeri —haien artean Lapurdiko kostaldeko gehienei eta Mauleri—aldagai nahasi batzuetara lotutako interes tasa aldakorreko maileguak eman dizkielako.
Adarrik txikiena Luxenburgokoa da, inbertsio bankan aritzen da, eta Qatarko funts subirano baten menpe geratuko da, 900 milioi euro ingururen truke. Ikusteke dago zer gertatuko den Dexiaren adar turkiarrarekin, Deniz Bankekin.
Halaber arduratuko dira Estatuak Dexiaren mailegu zorroan dauden aktibo toxikoenak garbitzeaz. Banku txar horretan izango dira 90.000 milioi euroko aktiboak, horien artean Espainian, Alemanian eta Italian egindako hainbat inbertsio. Belgikak 54.000 milioi euroko bermeak jarriko ditu aktiboetan izan daitekeen galerak estaltzeko —haren barne produktu gordinaren %15—, 32.850 milioi Frantziak eta 3.150 milioi Luxenburgok. 2008an, hiru estatuek beste 150.000 milioi euroko bermeak jarri zituzten Dexia lehen aldiz erreskatatzeko, AEBetan subprime mailegu asko eman zituelako.
Kalifikazioa arriskuan
Nazionalizazioak eragina izango du Belgikaren kontu publikoetan. Izan ere, haren zor publikoa puntu batez igoko dituzte berme berriek, BPGaren %97,2ra arte, eta baliteke horren ondorioz Mood's rating agentziak haren zorraren kalifikazioaren maila jaistea. Standard & Poor'sek, berriz, Belgikaren eta Frantziaren kalifikazioa berresten dituela iragarri zuen atzo.
Ardurak bere gain hartzen zituztela esan arren, Dexiaren arduradunek nabarmendu dute bankuaren oraingo egoeraren errua ez dela beraiena. «Egoera sortu dutenek beren buruei galdetu beharko liekete zergatik egin zuten», kexu zen atzo Pierre Mariani Dexiako administratzailea. Oraingo buruzagitzak 2008an ordezkatutakoari buruz ari zen Mariani, bankua gainbeheran jarri duten maileguak hark emandakoak baitira. Marianik berriro ziurtatu du Dexiaren arazoa ez dela kaudimena eta kapitala izan baduela, baizik eta krisiaren ondorioz epe laburreko finantzaketa lortzerik ez duela, eta harekiko menpekotasun handiegia daukala.
Belgikako, Frantziako eta Luxenburgoko gobernuentzat ere kritikak izan ditu Marianik, Greziaren zor subiranoa ez saltzeko presio handiak egin zizkiotelako. «Agian inozoak izan ginen gobernuen eskaerak errazagi onartzeagatik». Greziako zorraren 3.400 milioi ditu Dexiak. Horren erdia galtzeko aukera handiak daude.
Belgikako Gobernuaren asmoa da Dexiaren bere zatia ahal duenean saltzea, baina aitortu du zaila izango zaiola hurrengo urteotan halakorik egitea. Dehaenerentzat ez da lekurik izango Dexia nazionalizatuan, «benetako profesionalek» hartuko dutelako ardura, Didier Reynders Belgikako Finantza ministroaren hitzetan. Dehaene bera Finantza ministroa izan zen 1991 eta 1999 artean.
Nazionalizazioa Grezian
Zorraren krisiak Grezia astindu du gehien eta hango bankuak ere porrot egiteko kiniela askotan daude, batez ere Atenasek bere zorra pagatzeari uzten badio. Hala ere, bankuek bere kasara jarraitzea lortu zuten, atzora arte. Greziako banku zentralak Europako Batasunarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin hitzartutako 10.000 milioi euroren bankuen erreskaterako funtsa lehen aldiz erabiltzea erabaki zuen, Proton Bank txikia nazionalizatzeko. Banku txikia da Proton —31 bulego ditu eta 3.800 milioi euroko aktiboak—, eta inbertsio bankan aritzen da batik bat. Uneotan ikerketapean dago, bere aurreko zuzendariek dirua zuritzeko erabili dutelakoan. Greziako Banku Zentralak erdibitu egingo du finantza erakundea: New Proton Bank izenekoan sartuko ditu gordailuak eta aktibo osasuntsuak, eta gainontzekoa likidatu egingo du. Gobernuko bozeramaile Ilias Mosialosek ziurtatu du Proton Bankena «kasu berezia» dela eta ez dagoela beste banku batzuk nazionalizatzeko inolako asmorik. Baina merkatuek uste dute ez dela azkena izango, eta %11 jaitsi ziren atzo bankuen akzioak.
Akzio gehiago Pekinentzat
Estatuak bankuen kapitalean parte hartzea ohikoa da Txinan, eta hala egiten jarraituko duela argi utzi du Pekingo gobernuak. Atzo, Xinhua berri agentzia ofizialak iragarri zuen Estatuak herrialdeko banku nagusien akzio gehiago erosteko asmoa daukala. Operazio horren helburua da bankuen akzioen erorketa geratzea, azken hilabeteotan beren balioaren %30 galdu dutelako. Ekonomiari bultzada emateko Gobernuaren planaren ondorioz mailegu asko eman dizkiete bankuek tokiko erakundeei.
Zorraren krisia. Bankuen kapitalizazioa
Estatuak datoz erreskatera
Dexiako administrazio kontseiluak onartu egin du bankua zatitzea eta Belgikako eta Frantziako adarrak nazionalizatzeaGrezian, Proton Bank nazionalizatu dute; Txinak bere bankuen akzioak erosiko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu