Behingoz azterketa gainditu dute Europako Batasuneko bankuek. EBA Europako Banku Agintaritzak estres azterketa egin die 48 banku handienei, eta denek erakutsi dute nahikoa kapitala dutela bat-bateko krisi bati erantzuteko. Banku ahulenak Erresuma Batuan eta Italian biltzen dira, beren neurri txikiarengatik oraingoan azterketatik kanpo geratu baitira ohiko bi susmagarri batzuk, Greziakoak eta Portugalgoak. Oro har, Europa iparraldeko bankuak daude ongien kapitalizatuta, salbuespenak egon arren —Alemaniako Norddeutsche Landesbank, esaterako—.
«Estres azterketen emaitzak erakusten du azken urteetan bankuek beren kapitala handitzeko egindako ahaleginak indartu egin dituela, eta gaitasuna dutela 2018eko azterketako shock gogorrei erantzuteko». Hitz horiekin laburtu dun egoera Mario Quagliariellok, EBAko Analisi Ekonomiko zuzendariak. Hots, gauzak hobeto daudela duela urte batzuk baino, eta krisia etortzekotan, banku handiek kapitala badutela aurre egiteko.
Oraingoan, EBAk ez du gutxieneko notarik jarri, baina analistek eta merkatuek bazuten zenbaki bat gorriz margotuta: 2020an kapital oneneko ratioa (fully loaded CET 1 izenekoa) %5,5etik behera zutenek azterketa huts egingo zuten. Kopuru horretatik gora geratu dira aztertutako 48 bankuak. Gehien gerturatu dira Ingalaterrako bi banku —Barclays (%6,37) eta Lloyds (%6,80)— eta Italiako bat —Banco BPM (%6,67)—.
Azterketa gainditu dute Euskal Herrian presentzia duten bankuek, haien artean ofizialki egoitza Bilbon duen batek, BBVAk (%8,80). Ez dira oso urrun ibili Nafarroan merkatu kuota handien duen bankua (Caixabank, %9,11), eta Ipar zein Hego Euskal Herrian presentzia duena (Credit Agricole, %10,68). Larriago, berriz, Guipuzcoanoren jabe Sabadell (%7,58) eta Societe Generale (%7,61).
Banku txikiagoa den heinean, EBAk ez dio Kutxabanki azterketarik egin. Haren eta bere neurrikoak EBZ Europako Banku Zentralak aztertu ditu. Emaitza horiek, ordea, ez dira publikoak eta soilik bankuek nahi badute jakinaraziko dituzte. Edonola ere, ez da espero Kutxabankek inolako arazorik izatea, bere lehiakideen artean hark duelako kapital gehien.
Zalantzak azterketei buruz
2018ko estres azterketa gogorragoa izan dela nabarmendu du EBAk. Horrela uxatu nahi izan ditu azken azterketek izan duten sinesgarritasun falta. Neurtu du zer gertatuko litzaiokeen bankuen kapitalari baldin eta 2020ra bitartean hazkundea EBZk esperotako baino 8,3 puntu txikiagoa izango balitz —funtsean, BPGa %4 uzkurtzea—, langabezia 3,3 puntu handituko balitz, eta etxebizitzen prezioa %19 eroriko balitz.
2011n egin zuten lehenengoa, eta kritika gogorrak jaso zituen ezker eta eskuin, bankuei erraz gainditzeko baldintzak jarri zitzaizkielako. Berdin esan daiteke 2012koari buruz, eta Espainiako bankuekin gertatutakoa da horren froga: banku gehienek aise gainditu zuten azterketa, baina handik hilabete gutxira Madril erreskatea eskatu behar izan zion EBri, banku handi batzuk salbatzeko nahiko dirurik ez zuelako.
Gogorxeago jokatu zuen EBAk hurrengo azterketekin: 2014an, 24 bankuk ez zuten gainditu, eta kapitala handitzera behartu zituen. Jaramon egin zioten banku gehienek, eta 2016ko azterketan modu garbian huts egin zuen bakarra Monte dei Paschi di Siena izan zen, Europako bankuetan zaharrenak. Oraingoan ez du azterketa gainditu behar izan, berregituraketa prozesu batean dagoelako.