Bankuak

Etekinekin bukatu du urtea Kutxabankek

Mario Fernandezek erakunde finantzieroaren egoera ona dela esan du Bilbon, zuzendaritzarekin egindako batzarrean. "Kutxabankeko jabetza gure akziodunentzat gordetzea lortu dugu", esan du. 2013ko lehen seihilekoa "2012 baino gogorragoa" izango dela uste du, "bai ekonomia bai langabeziari begira".

xabier martin
2013ko otsailaren 2a
16:20
Entzun

"Ongi atera gara zailtasunetatik, dekretuek behartzen dituzten horniduretako %100 bete ondoren, eta urtea etekinekin bukatu dugu, dibidendu sozialerako gaitasunez; Kutxabankeko jabetza gure akziodunentzat gordetzea lortu dugu". Hitz horiekin azaldu du Kutxabankeko presidente Mario Fernandezek erakunde finantzieroaren egoera. Ona inondik ere, Oliver Wymanen estres azterketan kaudimen rankingeko zerrendaburu izatea lortu eta gero. Hala gogoratu du Fernandezek  Euskalduna Jauregian, Bilbon, zuzendaritzako 400 kiderekin egindako batzarrean. Kutxabankeko zenbakiak ez ditu ezagutzera eman, nolanahi ere. Otsailaren bukaeran egin ditzakete publiko. "Zauriak eta ezustea handiak" aipatu ditu Mario Fernandezek Administrazio espainiarrak galdegindako araudi berriari erreparatuz.

Kutxabankeko buruak ez du aurreikuspen onik egin, ordea, 2013ko urteari begira; "2012 baino gogorragoa izango da". Finantza sistemaren arau berriak hornidura gehiago egitea ekarriko dute, Fernandezen ustez. "Diru sarrerak egitea zaildu egingo da maila handi batean". Aurreikuspenak, oro har, ekonomiarentzat ez dira onak. "Lehen seihilekoak oso itxura txarra dauka, bai jarduera ekonomikoa bai langabeziari begira". Haatik, esperantzak baditu bigarren seihilekoari dagokionez. "2013 gainbeheraren azken urtea izan daiteke", esan du. 2014an euskal ekonomia hobetu daitekeela dio, "baina ospakizun handirik gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.