EGITURA

Etorkizun galdua hiru ahotsetara

Eroritako zuhaitz garaiak adar asko zituen, eta adaxka ugari zauritu ditu langabeziak. ‘Fagor auziak’ ehunka langabe utzi ditu; proiektuak eta ametsak, kolokan. Geroa eta lana elkar loturik ikusten dute lanik gabe geratu direnek.

Juanan Ruiz. ARGAZKI PRESS
xabier martin
2014ko martxoaren 30a
16:48
Entzun

Porrotari samina dario. Begietan eta ahotsetan. Eguneroko bizimodua zalantza mingarriez betetzen zaie euskal kooperatibismoaren ikurra izan zenaren langabeei, hala Fagor Etxetresnako bazkideei nola Edesakoei, baita Grumaleko soldatapekoei ere, beste hainbat eta hainbat hornitzaileen biktimak ahaztu gabe. 2.000 istorio desberdinez konta daiteke Arrasateko talde historikoaren erortzea; gehiagotan ere bai. Lerro hauetan, hiru ahotsez baino ez da azalduko hondoratze ezaguna. Beldurrak eta esperantzak (gutxienak), hausnarketak eta etsipena; denak nahasten dira transatlantiko beraren lorratzean zihoazen hiru txalupatako arraunlari ohien elkarrizketan. Gaur arte, ez diete sokarik eskaini langabeziaren ur hotzetatik ateratzeko, eta itxaropena galtzen hasiak dira, han eta hemen lanpostu berriak sor daitezkeela egunero entzuten ari diren arren.

"Hondamendia ez zen berehalakoa izan, urteetako prozesua baizik", dio Aitor Aldalur Grumaleko langileak (Azpeitia, 1957). Fagorrek Azpeitiko sukalde egilea erosi zuen duela zortzi urte. "Orduan hasi ginen kooperatibismoa ezagutzen". Oro har, "ilusioz" hartu zuten operazio hura. "Multinazional baten esku egotearen aldean guretzat oso ona zela pentsatu genuen". Gero, iritzi aldatzea iritsi zen gutxika. "Gauzak okerrera egiten hasi ziren orain bost urte, eta, duela hiru, taldeko hainbat kooperatibatan lanean hasi ginen gutako 50 bat, tartean ni". Oraintxe Geyserren (Bergara), oraintxe Garagartzan (Arrasaten), oraintxe Eskoriatzan. Batetik bestera ibili da Aldalur. "Lana non, hara joan gara; Ederlanen eta Orklin ere izan gara, eta lantegi guztiotako bazkideekin hizketan jabetu naiz gauzak nola zeuden".

Sinesteko zaila oraindik

Nola zeuden gauzak? Hori da benetako galdera. Egoera ez zela ona bazekiten denek, baina euskal industriaren talde indartsuena izandakoa erortzeko modukoa zen? "Zaila zen sinestea", dio, serio, Joseba Lopategi Edesako langileak (Bilbo, 1981). Hamalau urte eman ditu Lopategik Edesako bazkide gisa; haren aitak Fagorren sarrera bizi izan zuen, "kooperatibizazio prozesua", eta ama ere Basauriko lantegi historikoan aritu zen urte batzuetan. "Niri egokitu zait gauzak okertzen ikustea, eta niri egokitu zait ikustea nola korporazioak albo batera utzi gaituen, guztiz utzi ere". Edesan utzi ditu aurrezki guztiak familiak; "bizi osoko aurrezkiak" aitak eta amak, eta urte askoan bildutakoa Joseba Lopategik berak.

Edesako bazkideen borroka azken hilabeteotan erabatekoa izan da, itxialdi, manifestazio eta bestelako mobilizazioen bidez. "Nik aitari esaten nion: ‘Aurrera atera behar dugu hau’, gure bizitza delako, dena utzi dugulako hemen". Edesa ez zen bazkideena bakarrik, Lopategiren iduriko, Basauri osoarena baizik: "Denen geroa bermatzen zuela uste dut; jipoi izugarria izan da, baina hau ez da bukatu".

Zenbait bide betiko itxi direla inor gutxik ukatzen du, ordea. Kristina Zeziaga Fagor Etxetresnetako bazkidea (Arrasate, 1962) "aspaldian" ohartu zen zerbait handia zetorrela. "Kontseilu Sozialean izandakoa naiz, eta ozen esan dezaket jada ez dudala sinesten sisteman, ez duelako ahalmen nahikorik gauzak aldatzeko". Zeziagak garbi dio Fagorren zegoen kooperatibismo eredua ez zela benetakoa. "Goitik zetorren informazioa ez zen nahikoa. Ukatu egin zuten beti egoera hain txarra zela. Mezua zen astia bazela, partida ez zela amaitu". Zeziaga aspaldian hasi zen "goikoei" esaten zer uste zuen. "Gezurretan ari zirela aurpegiratu nien, eta bazkide askok esaten ziguten kooperatibari kalte egiten geniola. Gezurrek egin digute kalte: Jaurlaritza gurekin zegoela, MCC gurekin zegoela, Madrilen laguntza zegoela...". Finean, egoera beltza zen aspalditik, baina ezkutatu egin zuten; horra Zeziagaren tesia.

Aldalur, Lopategi, Zeziaga, norberak bere egoera du etxean, bizitza proiektuan. Fagor Etxetresnen porrotak betiko baldintzatu ditu.

Zertan aldatu da gehien zuen bizitza?
Aitor Aldalur: Bizitza aldatu zaidala argi daukat, baina suertea daukadala esan behar dut, emazteak lana duelako, eta ni neu erretiro aurreratura begira nagoelako. Nire helburua jada ez da beste lanpostu bat lortzea, aurrez erretiroa hartzeko azken txanpa nola egin jakitea baizik. Nire inguruan egoera ilunagoak ikusten ditut erruz. Mintzen nauena da Mondragonek esan digula ‘hau bukatu egin da’ eta hau bukatu egin dela besterik gabe. Ez digute gehiago esan. Orain, geure kabuz irtenbide bila gabiltza, Fogasari begira, langabeziari begira... Laino baten barruan bezala bizi zara, blokeatuta erabat. Irtenbide duin bat baino ez dugu nahi. Badakigu gertatu dela, baina kosta egiten ari zaigu sinestea hain egoera txarra daukagula; bazkide batzuei eman dizkieten lanpostuak, kalitate txarrekoak izan ala ez, guretzat ez dira eskura egon orain arte.

Joseba Lopategi: Ni erdiz erdi jo nau honek. Orain dela zazpi urte, alde egin nuen gurasoen etxetik, eta haien etxera aldatu behar izan dut atzera. Aurrezkiak galdu ditut. Nik ez hainbeste, baina gurasoek bizitza osoa galdu dute; ez galdetu zenbat, ez dizut esango eta, baina pila bat da. Panorama zaila daukagu etxean, gainera, amak gaixotasun larri bat duelako. Aita dago etengabe harekin, baina orain, behintzat, nik ere astia daukat laguntzeko... Ez da erraza. Eta orain begira-begira nago, nondik aterako garen asmatu ezinik. Basauriko itxialdia ere bukatu da, eta ez dakit zer datorren orain, egia esateko.

Kristina Zeziaga: Denon bizitza aldatu du honek; argi dago. Bakoitzak gure zilborrari begiratzen diogu, bizimodua aurrera atera nahi dugulako, baina denak gara galtzaile hemen, bazkide izan ala ez. Aurrezkien auzian ez naiz sartuko, batzuek asko galdu dutelako, beste batzuek gutxiago eta dirua galdu ez duenik ere badelako; adibidez, Grumaleko jendea. Baina denok galdu dugu etorkizuna, lanik gabe ez dagoelako geroa eraikitzeko oinarririk.

Baduzue Mondragon taldeko kooperatibetan beste lanpostu bat lortzeko itxaropenik?
K. Zeziaga: Nik lanpostu bat nahi dut; behar dut, denek bezala, baina ezin dut ahaztu baten bat lanpostu hori gabe geratuko dela. Josebak dio gurasoen etxera itzuli dela, baina gure enpresetako aldi baterako soldatapekoak ere gurasoen etxera bueltatuko ziren akaso. Domino efektua ez dezagun ahaztu. Herrian jende asko dago minduta honekin, justizia soziala oinarrian behar zuen eredu bati buruz ari baikinen.

Bazkideak ere enpresaren jabe zineten; zein da zuen ardura?
K. Zeziaga: Gure jabetza zen diru kopuru bat jarri genuela gure lanpostuaren eskubideen jabe izateko, baina ez gara jabe enpresaburuen mailan

J. Lopategi: Baina zer nahi dugu bazkideok? Edesako bazkideok zuen betebeharren parekoak izan ditugu, baina eskubideak eskatzean ez gara berdinak. Zu Lagun Arora loturik zaude, eta ni ez; bileretan garbi esan zaigu: "Gu Lagun Arora goaz, eta zuek Lanbidera joan". Gure artean ere ez dugu justizia soziala nahi, beraz. Mondragonentzat, Edesa batzuetan bada etxekoa, eta beste batzuetan ez. Goikoek hori esatea, tira, baina alboan dudanak esateak benetan beldurtzen nau.

Edesako 58 langileri eman die Mondragonek beste lanpostu bat (230 dira); horietako hogei ingururi, astean 28 ordukoak. Fagor Etxetresnetako bazkideen artean, zortziehun inguruk dute beste lanpostu bat; eta Grumalen, inork ere ez. "Fagorreko asko ere 28 ordurekin daude, eta urrutira joanez goizean bi ordu egiteko eta arratsaldean beste nonbait, eguna osatzeko. Alegia, denok dauzkagu duinak ez diren birkokapenak", dio Kristina Zeziagak. "Justizia sozialaz ari naizenean, eskatzen ari naiz lanaren banaketa egitea"

Edesako langileak minduta daude lanpostuak nola banatzen ari diren ikusita. Ezagun du Lopategik. "Denok nahi dugu lana banatu, baina nork ez du nahi banatu, orduan? Nik badakit Lagun Arok eta Mondragonek zer esaten duten, baina albokoak zer esaten duen beldur ematen dit askotan. Kanibalismoa badago gure artean; ezin da ukatu: bai Edesa eta Fagorren artean, bai Fagorreko bazkideen artean ere".

Kooperatiba bakoitzaren zuzendaritzak dauka gaitasuna erabakitzeko bere lantaldean txertatuko duen Lagun Aroko langabe bat zenbat orduan eta zein soldatarekin hartuko duen. "Baina ez dezagun ahaztu Mondragonek lerro nagusiak ematen dituela, eta hark esaten duenean ‘hauxe’, hori egiten dute enpresek, eta Lagun Arok esaten duenean ‘hau’, hori egiten da", dio irmo Lopategik. Zeziagak honela laburtu du lanpostu berrien auzia: "Gaur egun birkokapenak egiten ari diren sistemarekin, ez dute ziurtatzen biharko lana eta etorkizuna". Alegia, kooperatiben arteko elkartasun mekanismoei esker lortzen diren lanpostu berriek ez dute ordezkatzen jatorrizko enplegua, hark zuen baldintzari eta, oro har, kalitateari begira.

Irribarre egin du Aitor Aldalur Grumaleko langileak. "Horiena txar-txarra izanda ere, guk ez du txar-txarrenaren aukera hori ere oraingoz. Ez da pagotxa, bistan da, baina hori ere ez dugu". Aldalur ez dago oraindik langabezian, Grumal martxan delako gutxi batzuekin. "Gu ez gaitu ukitu Mondragonen birkokapen politika horrek, eta uste dugu zortzi urtez barruan egon eta gero badugula eskubide morala behintzat, Lagun Arokoak izan gabe ere". Galdera interesgarria dauka Kristina Zeziagak Grumal eta Fagorren arteko harremana zer-nolakoa den aztertzeko abiapuntu gisa. "Aitor taldeko kooperatiba batetik bestera ibili bada birkokatua azken urteetan, justizia sozialaren izenean, tsunamiaren ondoren, zergatik ez da posible?".

Bestetik, Fagor Etxetresnen likidazio prozesua martxan da jadanik; Cevital Aljeriako taldearen eskaintza ere hortxe dago. Laster enplegua sor daitekeela ematen du, Cata, PHI edota kooperatiba proiektu pare baten eskutik. Hiru langileak, ordea, eszeptiko samar daude egoera horren inguruan.

Esperantzarik bai sor daitezkeen lanpostuetatik bat lortzeko?
Aitor Aldalur: Erretiro aurreratuan jarrita daukat nik esperantza. Bakarrik isiltasuna jaso dugu guk orain arte, eta Langile Batzordeak egindako lanarengatik izan ez balitz, ez dakit non geundekeen orain. Nire adinarekin, ordea, ez daukat burua lanpostu horietan jarrita. Garbi daukat gure etorkizuna gure gainetik dagoen laino moduko batean jokatzen ari dela; zurrumurru batzuek diote lanpostu horiek sortzen badira Cevital edo beste edozeinen eskutik akaso kooperatibistek ez dituztela nahiko eurentzat eta enpresa horiek, gainera, agian soldatapekoak nahiko dituztela. Grumalekoek leku bat izan dezakegu hor; hala nahiko genuke. Badakigu, hala ere, Lagun Arok nahiko duela ahalik eta bazkide gehien lanpostu horietan sartzea; ez dakit nola, baina argi daukagu interes hori badutela.

K. Zeziaga: Gerta daiteke lanpostu horiek sortzen dituztenek konpromisoa hartzea bazkide kopuru bat lanean hartzeko, euren baldintzetan, noski, baina Lagun Arorekin hausten duen mutualistak garbi izan behar du urteetako kotizazioak galduko dituela erretiroari begira. Hau da, Lagun Aroko erretiroa galduko du, hil artean jaso beharko zituen lansariak. Nik hamabost urtez kotizatu dut, baina 30 urtez kotizatu duenak nola galduko du, bada, ahalegin hori lanpostu berri batean urte gutxi batzuk egoteko? Pertsona horiek, erretiroa hartu ahal izateko, kooperatibaren sisteman jarraitu behar dute derrigor; hori badaki Mondragonek.

J. Lopategi: Guk bideragarritasun plan bat egin genuen, oso landua eta erabat babestua erakundeen aldetik. Taldeak ez zuen nahi izan, eta kutxa batean gorde zen, baina han da oraindik; ez da apurtu. Ikusiko dugu zer gertatzen den likidazioan, oraindik uste baitugu Edesa bideragarri dela. Konkurtsoko epaileak agian eman diezaioke lehentasuna enplegua eskaintzen duenari diru gehiago eskaintzen duenaren aldean, eta hor dugu guk esperantza. Ez dugu amore eman, labur esanda.

Aukerarik bada, bazkideak prest zaudete, orduan, proiektu kooperatibo berriak zuen ekarpenekin laguntzeko?
K. zeziaga: Kooperatiba berriak egiteko barne proiektuak baldin badira, asko egon daitezke horiek bultzatzeko prest. Proiektua sinesgarria bada, zergatik ez eskatu mailegu pertsonal bat hori aurrera ateratzeko? Arazoa da proiektu horiei buruz ezer gutxi dakigula, apenas Berrian azaldu den zerbait. Nor sartuko litzateke hor? Nork luke lehentasuna? Galdera gehiegi daude erantzuteko oraindik.

Non ikusten duzue zeuen burua, eta non ikusi nahiko zenukete urtebete barru?
A. Aldalur: Aurre erretiratua izango naiz akaso.

J. Lopategi: Nik kale gorrian ikusten dut neure burua urtebete barru, eta non ikusi nahiko nukeen? Edesan lanean, nire lankideekin.

K. Zeziaga: Nik betoa daukat jarrita taldeko beste batzuk bezala, eta badakit kale gorrian izango naizela. Lankide batzuk joan dira hamar elkarrizketetara, eta beste batzuek ez dugu bat bera ere izan. Lanean ikusi nahiko nuke neure burua, ordea; hori argi dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.