Herenegun jakin zuten laguntzak bukatu zirela. Baina ez Eusko Jaurlaritzako edo SPRIko inork jakinarazi zielako, laguntzak horiek kudeatzen zituen webguneak bat-batean funtzionatzeari utzi ziolako baizik. Javier Rodriguez Irungo Renault Autoberri kontzesionarioko salmenta arduradunaren arabera, «administrazioko lankideak jabetu ziren gertatzen zenaz, webguneak ez baitzien diru laguntza gehiago eskatzen uzten». Berehala deitu zuen SPRIra, hark duelako laguntzak kudeatzeko ardura. «Eurak ere ustekabean harrapatu zituela esan zidaten, ez zekitela hain diru gutxi gelditzen zela».
Renault Autoberrik 45 salmenta eragiketa ditu esku artean une honetan. Autoak eskatuta dituzte dagoeneko, eta, Rodriguezen ustetan, litekeena da baten batek atzera egitea. Erosketa kontratuetan argi jartzen ei du laguntzak aurrekontua bukatu arte emango direla. «Baina, bezeroak 500 euro horiek jasoko dituztelakoan daude. Nola azaldu behar diezu bat-batean bukatu egin direla?».
Irtenbide bila
Irtenbide diferenteak aztertzen ari dira Autoberriko salmenta arduradunaren arabera. Zaila baina litekeena dela dio Eusko Jaurlaritzak laguntza gehiago iragartzea. Agian, eskaerak bertan behera ez gelditzearren, fabrikatzaileak prest egongo direla 1.000 euroko deskontua beharrean 1.500 eurokoa egiteko. «Bestela, geuk jarri beharko ditugu 500 euroak».
Donostiako Ibaeta Motorren ere «zoratzeko moduko eguna» izan zuten atzo. Telefonoari erantzuteko astirik ere ez zuten izan, nahasmena konpontzeko ahaleginetan.
Joan den urrian ere, iazko aurrekontua amaitu zenean, antzeko egoeran gelditu ziren auto saltzaile eta erosleak. Orduan laguntzak kudeatzeko moduari bota zieten errua, autoak matrikulatu arte itxaron behar zelako dirua eskatzeko. Aurten, teorian, autoa eta laguntzak batera eskatzeko aukera eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Baina Rodriguezen esanetan, oraingoan ere sekulako nahastea egon da, diru laguntzak eskatzeko wegbunea duela hamabost egun jarri zutelako martxan. «2009ko aurrekontuan sartu ez ziren eskaerak eta aurtengoak pilatu zaizkigu. Eta konturatu garenerako dirua amaitu da».
Espainiako Gobernuak ematen duen 500 euroko laguntzarekin gauza bera gertatuko den beldur da Rodriguez. «Laguntzak kudeatzeko webgunea oraindik ez dute martxan jarri; beraz, ez dago zehatz jakiterik zenbat diru gelditzen den». Dena dela, aurrekontuaren %70 gastatzean geratzen dena kontzesionarioen arteanbanatuko zuela aurreratu zuen.
Laster izango da hori, agindutako 100 milioi euroen erdia inguru bi hilabetean amaitu dela kalkulatzen baitute fabrikatzaileek. Laguntzen bukaera eta Balio Erantsiaren Zergaren igoera pare-parean egokituko dira. Eta horrek ataka zailean jarriko ditu saltzaileak, autoak batez beste 400 eta 500 euro artean garestituko baitira. Anfac Espainiako fabrikatzaileen elkarteak %19 salmenta jaitsiera espero du ordurako. Horiek horrela, Espainiako Gobernuari aurrekontua bukatu artean behintzat Jaurlaritzak ere laguntzak ematen jarraitu beharko lukeela uste du Aega Gipuzkoako automozio enpresen elkarteak. Ganvan Espainiako auto saltzaileen elkartearen arabera, krisia hasi zenetik 30.000 lanpostu inguru desagertu dira auto banaketa sektorean, eta «laguntzak behar baino lehen kentzen badira», zenbateko hori asko hazteko arriskua dago datozen hilabeteetan.
Nafarrak, zorteko
Eusko Jaurlaritzak iazko maiatzetik hamar milioi euro banatu ditu auto berriak erosteko laguntzetan. Laguntza bakoitza 500 eurokoa izan da, beraz, 20.000 auto erosten lagundu du.
Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du laguntzak bertan behera uzteko asmorik. Kontrara, joan den astean iragarri zuen 600 euro eta 1.200 euro arteko laguntzak emango dizkiela gutxi kutsatzen duten auto pribatuak edo ibilgailu komertzialak erosi nahi dituztenei. Oraingoz, 4,2 milioi euroko aurrekontua du, baina handitzeko aukerekin. Iaz ere Nafarroa izan zen laguntza handienak eman zituen erkidegoa, 1.200 eta 2.000 euro artekoak, ibilgailuek kutsatzen zuenaren arabera. Sei milioi euro banatu zituen 4.500 erosleren artean.
Espainiako Gobernuak, berriz, iaz 200 milioi euro eta aurten beste horrenbeste jarri ditu auto berriak erosten laguntzeko. Auto bakoitzagatik 500 euro ematen dituela kontuan izanda, 400.000 ibilgailu erosten lagunduko du denera. Aurrekontua pare bat hilabete barru amaituko dela uste da, eta dagoeneko esan du ez duela diru gehiago jarriko.
Espainiak ez ezik, Europako beste herrialde batzuek ere gisa horretako laguntzak bertan behera uztea erabaki dute azkenaldian, Alemaniak eta Italiak kasu.
Europa
LAGUNTZAK KENTZENIaz, auto berriak erosteko laguntza zuzenak zirela eta, hiru milioi auto bota zituzten txatarretara Europako Batasunean. Hala ere, azkenaldian herrialde batek baino gehiagok utzi dituzte laguntza horiek bertan behera. Europako batzordeak dagoeneko esan du aurtengoa izango dela auto merkatua sustatzeko laguntzen azken urtea.
Italia. Iaz, %0,2 auto gutxiago saldu ziren. Hilabete da laguntzak emateari utzi ziola.
Frantzia. Iaz, %10,7 auto gehiago saldu ziren. Urtea bukatu arte laguntzak ematen jarraituko du.
Erresuma Batua. Iaz, %6,4 auto gehiago saldu ziren. Otsailean, ordea, %26,4 gehiago. Hil honetan bukatuko zaio aurrekontua.
Alemania. Iaz %23,2 auto gehiago saldu ziren. Abenduan utzi zion laguntzak emateari.