Bilboko Mazarredo kalean dagoen Lanbideren egoitzara egunetik egunera jende gehiago joaten dela dio han behar egiten duen langile batek. «Ateak zabaldu berritan langabe gutxi inguratzen da, baina eguerdietan gainezka egoten da». Atzo eguerdian, langabezia datuak eman ziren egun berean ere, itxura hori zuen egoitzan. Datuek diotena bulegoan ordezkatzen da.
Domeka Rodriguez 28 urteko gazteak ongi ezagutzen du bulegoa, bi astean behin handik igaro behar izaten baitu. «Eroskin egiten dut lan, eta aste bateko kontratuak egiten dizkidate». Epe hori igarota, beste astebetez langabezian egoten da, beste behin ere berriz lanera itzultzeko. Beraz, lana amaitzen zaion aldiro Lanbideko bulegora joan beharra dauka Gizarte Segurantzan baja emateko. «Hurrengo lanaldi epea azaroaren 5ean hasiko zait, ordutik aurrera, batek daki». Bi urte daramatza egoera horretan. «Apur bat nekagarria egiten baldin bazait ere, besterik ez dagoenez, daukadanarekin konformatzen naiz». Bitartean, curriculumak banatzen ari da, lan hobe baten esperoan.
Baina lana bilatzea «txarto dago». Beraz, bi asterik behin eskaintzen dioten kontratuei muzin egiterik ez dauka: «Nik hartuko ez banu, nire atzetik besteren bat etorriko baita, eta ez dut uste berriz deituko lidaketenik. Horrekin jokatzen dute».
Egoera hori ondo ezagutzen du Mertxe Manriquek. 52 urte dauzka, alaba bat bere pentzudan, eta duela lau urtetik langabezian. «Lana bilatzen ari naiz, edozer gauzatan, baina oso zaila dago. Nola topatuko dut nik nire adinarekin, 30 urteko gazte batek ere horren zaila daukanean!», egiten du hasperen. Ostalaritza sektorean, garbitzaile edo dendako saltzaile gisa lan egin izan du bilbotarrak, baina berriz ere jardun hori berreskuratzea zaila ikusten du, eta itxaropena ere gutxi. «14 urteko alaba batekin, oso zaila da hilaren amaierara iristea». Gainera, langabezia saria hemendik hiru hilabetetara amaituko zaio. «Ez dakit zer egingo dudan».
Langabezian egotea betiere gogorra baldin bada, are gehiago alboan gaixo bat edukiz gero. Maria Lucinda Torres de Guzman 51 urteko boliviarrak bi urte daramatza beharrik gabe. «Etxeko barneko langile gisa ari nintzen, harik eta nire alabari eskuin hankan tumore bat topatu zioten arte. Lan hura utzi behar izan nuen alabarekin egoteko, eta orduz geroztik ez dut lanik topatzen», dio. Etxeko kanpoko langile gisa saiatu dela onartzen du, baina adina traba zaio lana topatzeko. Egoera gordina bada ere, oraindik latzago izan daiteke. Izan ere, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta kendu zioten martxoan, alokairua ordaintzeko jasotzen zuen laguntzaz gain. «700 euro ordaintzen dut alokairuaren truke, beraz, pentsa nola iristen naizen hilabete amaierara», dio Torres de Guzmanek, kopetilun. Alabari ebakuntza abenduan egingo diotela espero du.
Atzerrirako bidean
Osmar Vladimir Valerianok ere ez dauka diru sarrerarik momentu honetan. «Arrebak ematen didan laguntza apurrarekin moldatu beharra daukat aurrera egiteko». 2002. urtean iritsi zen Espainiara, eraikuntzaren loraldian. Ia bederatzi urtez lanean jardun ondoren, duela urte eta erdi lanik gabe geratu zen. Langabezia saria ere amaitu zitzaion duela sei hilabete. Egun gutxi dira Euskal Herrira iritsi denetik, eta zerbait aurkitzeko esperantza gutxi duen arren, saiatu behar duela argi dauka. Ezer lortu ezean, Tarragonara joatekotan dago.
Urrutirago joateko gogoa dauka, ordea, Janire Martin 25 urteko bilbotarrak. Terapeuta gisa aritu da lanean duela urte bete arte, baina langabezian geratu ostean, naturopatiako espezializazioa ikasten ari da. Langabezia saririk ere ez du jasotzen, ez duelako behar adina kotizatu. Horregatik, lana egiten jarraitu nahi duelako, Londresera joan nahi du ikasketak amaitzen dituenean, urtebete barru. «Terapeuta gisa han lan gehiago dagoela esan didate, beraz, hara joango naiz lan bila. Hemen ez badago, kanpora joan behar».
Lan merkatua. Datuak eta erreformak
Etsipenaren egunerokoa
Langabeziaren datuek irudikatzen duten egoera Lanbideko bulegoetan errealitate bihurtzen da. Txartela berritzeko ilaran nekez topatu daiteke itxaropenik duen langaberen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu