Astelehenetik %2 pasa irabazi duen arren, etsita dagoen itxura eman dute gure indizeek azaroko bigarren astean. Jakinarazi diren enpresen emaitzak txarrak izan ez diren arren, maximoak gainditu ezinik, indarge agertu da Ibex-35 (+%0,27). Astea 2.004 milioiren salerosketarekin amaitu zen, eta bezperako festaren ajea igarri zitzaion Iberia (-%3,15) ezkontideari. Norbait pozarren agertu behar eta Ferrovial (+%3,05) izan zen; baina %0,6na irabazi zuten bi banku handien salbuespenarekin, blue chip-ak ezaxola agertu ziren txerritxo ehiztarien epaiarekin. Espainiako futbol selekzioa babesteak ez zion Iberdrolari (-%0,16) askorik eragin eta %2na pasa galdu zuten adreiluari buelta eman ezinik dabiltzan Sacyr eta OHL enpresek. AEBetan defizit komertziala handitzeak ez zuen Wall Streeten askorik eragin eta dolarra ere etsituta agertu zen. Eurostoxx-50 (+%0,21) berak ez zuen poz handirik agertu,nahiz Europako esportazioak hazten ari diren.
FCC. FCC (+%0,91) eraikuntza eta zerbitzu enpresak 202 milioi irabazi ditu aurten urria artean, iaz epe berean baino %32 gutxiago. 9.335 milioiren fakturazioa izan du (iaz baino %8,6 gutxiago), %44 Hego Euskal Herri eta Espainiatik at.
Ercros. Galerak iragarri dituzten enpresak ere badira burtsan: aurtengo lehen bederatzihilabeteetan 37,5 milioi galdu ditu Ercros (+%2,53) kimika taldeak, 139 galdu ditu Ence (+%0,18) papergileak eta 6 GAM (-%3,13) alokairuzko makineria enpresak.
Etsita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu