Ekonomia

Etxaide: “Gatazkak dauden lantokietan egoera gatazkatsuak sortu behar dira”

Prekaritatearen aurkako manifestazioa egingo dute larunbat honetan, Bilbon.

LABeko ordezkariak, mobilizazioaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko maiatzaren 23a
08:04
Entzun

Azken lan erreformaren ondoren sindikalismoak ez dauka “ibilbide luzerik errealitatea aldatzeko”. LAB sindikatua hausnarketa horretara iritsi zen joan den urtean. Politikak patronalari “babes osoa” eman ziola uste du Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, eta egoera horri buelta emateko ekintza sindikala berritu eta indartu nahi du LABek. Prekaritatearen aurka borrokatu nahi du sindikatuak, eta hori kalera ateratzea izango da lehen egitekoa. Larunbat honetarako deitu dute mobilizazioa, 17:30ean, Bilbon. Baina kalera irten ondoren lantegietara joango da LAB, eta bertan “egoera gatazkatsuak” sortuko ditu gatazkak dauden tokietan. Horretarako, aliantza sindikalak bilatu nahi ditu, eta naturalena ELArekin bidea egitea litzatekeela adierazi du Etxaidek.

Eta keinua egin du ildo horretan. Jakitun da negoziazio kolektiboaren esparruan ELArekin ezadostasunak izan dituztela zein eremu defendatzeko garaian, eta orain ildo sindikala “langileengan oinarritu” nahi dutela esan du, eta ez negoziazio kolektiboan. Egoera prekarizatuan dauden bost kolektibo zerrendatu ditu LABek: sektore feminizatuak, azpikontratak, enpresa txikiak, handiak eta sektore publikoa. Bakoitzean lan ildo ezberdinak izango dituzte, baina aldarrikapen orokor batzuk izan dituzte gogoan: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko astea, lan osasuna, berdintasuna eta euskaraz lan egiteko eskubidea.

Larunbateko manifestazioaren ondoren, LABek gainerako sindikatu guztiei bideratuko die euren estrategia berriaren inguruko txostena. “2017an daukagu hurrengo batzar orokorra, eta ordurako beste errealitate sindikal batekin iritsi nahi dugu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.