«LABez dago inongo alderdi politikoren menpe eta ez dago inongo sindikaturen menpe. Agian, azken hori da arazoaren zati handi bat». Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak era horretan erantzun die AdolfoMuñoz ELAkoak egindako adierazpenei. Elkarrizketa batean, Bilduren menpe aritzea leporatu zion hark LABi, eta gehiengo sindikala hautsita dagoela iragarri zuen. Hain zuzen, euskal sindikatuen arteko elkarlanaren amaiera izan zen gai nagusia atzo LABeko delegatuek Donostian izandako nazio batzarrean. «Inoren menpe ez; gu inplikatuta gaude, inplikatuta herri honetako arazo politiko eta sozialen konponbidearen bila», gaineratu zuen Etxaidek.
Urtero moduan, ehunka delegatu elkartu ziren Atano pilotalekuan. Iaz lan istripuz hildako 80 langileak gogoratuz hasi zuten ekitaldia. Garbiñe Aranburu ekintza sindikaleko arduradunak eta Amaia Esnal Egin Dezagun Bidea mugimenduko ordezkariak hartu zuten hitza gero.Jarraian etorri zen Etxaideren txanda. Gehiengo sindikala hautsi izana «oso albiste txarra» dela esan zuen. Prentsaren bidezizan zuen albistearen berri. «Horrek kalte nabarmena egin die ELAren eta LABen arteko harremanei. Ez dio ezertan laguntzen sindikalismo abertzalean ezinbestean egin behar den eztabaidari. Arduragabe jokatu du ELAk».
Etxaideren esanetan, gehiengo sindikala behar-beharrezkoa da. «Testuinguru oker hau» gainditu beharra dagoela nabarmendu du, ELAk gauza bera esatea nahiko lukeela gaineratuta. «Gure aldarrikapenek ez dute izan behar langileak norbere sindikatura erakartzeko. Behartuta gaude gauzak nola aldatuko ditugun galderari erantzutera». Eztabaida «saihestezina» dela dio, eta han aliantza sindikalaren oinarriak finkatu behar direla uste du, krisiaren aurrean egin beharreko eztabaida politiko eta soziala gidatzeko. «Autonomia eta autismoa ezin dira nahastu. Prozesuanelkarlana eta aliantzak behar dira, eta eguna jarri behar diogu eztabaida horri», zehaztu du.
Mobilizazio beharra
Urte berezia izango da 2012a LABentzat, besteak beste zortzigarren biltzar nagusia egingo duelako. Zuzendaritzan ez dela aldaketarik espero iragarri du Etxaidek, eta sindikatuko afiliatuek kontrakorik esan ezean idazkari nagusi jarraituko duela.Lehentasunei dagokienez, lau finkatu ditu LABek aurtengo urteari begira: erabakitzeko eskubidea, sektore publikoaren defentsa, enplegua eta gatazka konpontzeko prozesua indartzen laguntzea.
Akordio nazional bat egitea ere proposatu du LABek, euskal lurraldeetan eta euskal lurraldeetarako eraikia. «Soilik hemen erabakitzen bada ziurtatuko dugu langileek benetan parte hartzen dutela erabakietan».Zerga politika goitik behera aldatzea nahiz zerbitzu publikoak indartzea beharrezkoa dela nabarmendu du Etxaidek, baina horretarako borondate politikorik ez dagoela dio. «Euskal Herrian behar duen mobilizazio erraldoia antolatu behar dugu. Greba orokorraz galdetzen digute, jakina beharrezkoa dela. Edukiak eta helburuak, hori da eztabaida. Jar diezaiogun eguna eztabaidari».
Muñoz, aliantzen alde
Gaiari buruz hitz egin du AdolfoMuñoz ELAko idazkari nagusiak ere. Mutualitateen jardueraren inguruan egindako agerraldian, erakundeen arteko aliantzak beharrezko jo ditu, proposamenak egiteko eta mobilizatzeko gaitasun handiagoa ematen dutelako. «Baina ez dugu onartuko gobernuen, patronalaren eta alderdi politikoen inolako menpekotasunik». CEOEk, UGTk eta CCOOk soldaten gainean adostutakoa ere gaitzetsi du Muñozek.
Etxaide: «LAB ez dago inoren menpe; LAB inplikatuta dago»
Esan du «oso albiste txarra» dela gehiengo sindikala hautsi izana, eta «arduragabe» jokatzea egotzi dio ELAri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu