Gizarte elkarrizketarako mahaia

Etxaide: "Mahaia bera da Eusko Jaurlaritzaren helburua"

LABek ez du parte hartuko, ez duelako proposatzen ez eredu berririk ez euskal eremurik.

Ainhoa Etxaide eta Garbiñe Aranburu. ANDONI CANELLADA, ARP
Miren Garate.
2014ko urriaren 14a
08:06
Entzun

Joan den astean jakinarazi zuen LABek ez duela parte hartuko Eusko Jaurlaritzak sustatutako gizarte elkarrizketarako mahaian. Gaur, horren zergatiak azaldu ditu. Ez du parte hartuko, alde batetik, ez duelako eredu berririk proposatzen: "Lan erreforma ez du auzitan jartzen. Langabezia, prekaritatearen igoera, negoziazio kolektiboa blokeatuta egotea... Horiek posible egiten dituen bitartekoa da erreforma, baina Jaurlaritzak ez du horren aurka egiten". Bestetik, ez duelako euskal esparrua biltzen: "Badakigu eredu berri bat eraikitzeko ez dugula eskuduntzarik, ahalmen legegilerik, baina horri buruzko aipamenik ez du egiten Jaurlarizak. Ez bada arazotzat hartzen, nekez aurre egingo zaio".

Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiaren esanetan, ez daude ados ez proposatutakoaren, ez proposamen horren gainean egin nahi den bidearekin. "Mahaia bera da Jaurlaritzaren helburua. Ez du tresna gisa hartzen behingoz herri honek behar duena jorratzeko: lan merkatuaren berrantolaketa". Etxaiderentzat, Jaurlaritzak uko egiten dio arazoak konpontzeari. "Mahaiarekin nahi du egungo egoerak sortzen duen gatazka egoera erditik kentzea".

Gaineratu du, Espainian bezala, Lan Sailak ez duela lan munduan parte hartu nahi. "Mugatzen da prestazioak kudeatzera; ez langabeziaren arazoa konpontzera, baizik langabeei jarraipena egitera". Ondorioz, lan merkatua "patronalaren esku" geratu dela uste du, "jakinda haren interesak nagusituko direla, eta langileen interesak defendatzea oso zaila izango dela".

Atzo bildu ziren LABeko ordezkariak Jaurlaritzakoekin. Mahaian ez zutela parte hartuko jakinarazteaz gain, mahai hori ez deitzeko eskatu zioten. "Gure jarrera da beharrezkoa dela lan mundua berrantolatzea, eta berrantolaketa hori adostua izatea, gure artean negoziatutakoa". Azaldu du LAB prest dagoela hitz egiteko, inplikatzeko eta prozesu horren sustatzaile izateko, "baina Jaurlaritzak borroka egin behar du hemengoa hemen arautzeko, eta horretarako patronalari aurre egin behar badio egin egin behar dio".

Arazoa Legebiltzarrera eta lantegietara eramango dutela azaldu du Etxaidek, eta aipamen berezia egin dio ELAri. "Gure artean gehiago eztabaidatu eta akordioak egin behar ditugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.