Negoziazio kolektiboa

Etxaide: “Negoziazio kolektiboan hemen egin diren itunek egoera ekonomikoa hobetzeko lagundu dute”

Lan hitzarmenen esparrua ahulduta dagoelako, mobilizazioetan jarraituko du LABek, sektoreko eta enpresako itunei garrantzi bera emanez.

jarraia120273.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko martxoaren 2a
08:06
Entzun

Prekaritatea legezko bihurtu dela. Hitz horiekin laburbil daiteke Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak negoziazio kolektiboaren inguruan egin duen analisia. “1980ko hamarkadaz geroztik egin diren erreformekin, prekaritatea areagotu egin da, eta legezko bihurtu”. Duela zenbait urtetako egoera berrezartzea zailtzen ari dela uste du, eta gogora ekarri Euskal Herrian sinatu diren itunek bertako egoera ekonomikoa “hobetzeko lagundu dutela”. Aberastasuna hobeto banatzen baitzen, eta ez orain bezala. “Azken datuek erakusten dute gehien irabazten dutenek gero eta gehiago irabazten dutela, eta langileek, gero eta gutxiago”, Etxaideren arabera. Eta negoziazio kolektiboak egoera hori orekatzeko balio duela azpimarratu du. “Erakundeei dagokie, ordea, negoziazio kolektiboa bermatzea”, haren esanetan, langileen eskubide bat delako, eta ez emanda datorren zerbait.

LABen arabera, negoziazio kolektiboa zatikatu egin da azken lan erreformarekin, eta lehentasuna eman zaie estatu mailakoei. Horri aurre egiteko, ez dute inongo esparru baztertu, denak direlako beharrezko. Sektore mailako eta enpresa mailako itunei, beraz, garrantzi bera eman die. Negoziazioetara eramango dituzten puntuak zeintzuk diren ere zehaztu du Etxaidek: gutxieneko 1.200 euroko soldatak izatea, eta halakoak ez direnean osagarriak eskaintzea; 35 orduko lanaldiak bermatzea; emakumeen aldeko neurriak hartzea, egungoak “ez direlako iristen”; lan segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea; eta euskaraz lan egiteko aukera ziurtatzea.

Eskakizun horiekin joango dira negoziazio mahaietara, baina baita kalera ere. Martxoaren 19an, esaterako, Iruñean manifestazioa egingo du sindikatuak, erakundeetako aldaketa enpresetara ere ailega dadin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, mobilizazio ildo berri bat abian jarriko dute, Etxaidek zehaztu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.