Etxe berriak eskuragarriago daude. Espainiako tasazio elkarteak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, batez beste, %3,6 merkatu dira salneurriak 2010ean. Nafarroan, %3,2koa izan da jaitsiera. Lau hiriburuetan ere behera egin dute prezioek.
Donostia da oraindik Hego Euskal Herriko hiririk garestiena: metro koadroak 3.682 euro balio du, iaz baino %3,2 gutxiago; Bilbon, metro koadroak 2.933 euro balio du, iaz baino %2,7 gutxiago; Gasteizen merkatu dira gehien etxeak, %5,7, eta metro koadroak 2.437 euro balio du; Iruñean, berriz, 2.235, %1,4 gutxiago. Hala, 90 metro koadroko etxe berri batek 331.380 euroko prezioa du Donostian; Iruñean, 201.150 eurokoa.
25.000 biztanletik gorako herrien azterketa egin du tasazio elkarteak. Hainbat herritan hirietan baino garestiago daude etxeak. Getxon, kasu, Bilbon baino gehiago balio du metro koadroak.Donostiaren atzetik, hura da Hego Euskal Herriko lekurik garestiena. Irunen, Barakaldon, Arrasaten eta Santurtzin ere Gasteizen eta Iruñean baino gehiago balio dute etxebizitzek.
Babestuen prezioak, gora
Merkatu libreko etxeak merkatu arren, Nafarroako Gobernuak babestutakoen prezioa garestitu egin duela salatu du etxebizitza duinaren aldeko elkarteak. Aurreko astean onartu zuten %2,6ko igoera egitea aurten saldutako babestutako etxeei. «Paradoxikoa eta logikarik gabekoa» iruditu zaio erabakia elkarteari.
Prezioen igoeraren eraginez babestutako etxeen eskaera jaisten ari dela adierazi du. Eguesibarko Udalak, esaterako, 138 etxeren zozketarako 414 eskaera bakarrik jaso dituela dio elkarteak». Erabakia atzera botatzeko eskatu dio gobernuari.
Etxe berriak %3,5 inguru merkatu dira Hegoaldean
Donostia da hiriburu garestiena: metro koadroak 3.682 euro balio du, iaz baino %3,2 gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu