Etxe Zuriak salbatuko ditu General Motors eta Chrysler, Senatuaren ezezkoagatik

Bushen gobernuak Paulson Planaren dirua erabiliko du autogileek urtea amaitu aurretik porrot egin ez dezaten

Iker Aranburu.
2008ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Salbamendurako azken aukera Etxe Zurian aurkitu dute AEBetako autogileek. Senatuak haiei laguntzeko planari ezezkoa eman ondoren, AEBetako Gobernuak orain arteko jarrera uzkurra alde batera utzi eta iragarri du General Motorsi eta Chryslerri nahiko diru utziko diela hurrengo asteotan lanean jarrai ahal izateko.

«Kongresuak ezer egin ez duenez, prest gaude [autogileen] berehalako porrota eragozteko, Kongresuak legegintzaldia hasi eta epe luzera industriaren bideragarritasuna ziurtatzeko lanari ekin bitartean», azaldu zuen Brookly McLaughlin AEBetako Altxorreko bozeramaileak. Bestela esanda, Gobernuak maileguak emango dizkiela urtea amaitu eta 2009 hasteko, eta gero Kongresu berrituaren esku egongo dela Detroiteko Hiru Handiei nola lagunduko dien erabakitzea.

Urtarrilaren erdialdean hartuko du lehendakaritza Barack Obamak, eta orduan berrituko dira Senatua eta Ordezkarien Ganbera ere. Demokratek handitu egin dute bi ganberetan duten gehiengoa, nahiz eta Senatuan ez dituzten eskuratu bozketa garrantzitsuak irabazteko ezinbestekoak diren 60 senatariak.

General Motorsek eta Chryslerrek porrot egiteko arriskua usaindu behar izan du Etxe Zuriak jarreraz aldatzeko. Horri gehitzen bazaio langabeziak izugarri egin duela gora -533.000 kaleratze izan ziren azaroan-, George Bushen gobernuak alde batera utzi ditu jarrera ideolo- gikoagoak eta pragmatikoki jokatzea erabaki du. «Egoera ekonomiko arruntetan nahiago genuke merkatuak erabakitzea enpresa pribatuen patua. Baina ikusita AEBetako ekonomia zein ahul dagoen, arazoak dituzten autogileei porrota eragozteko neurriak aztertuko ditugu», aitortu zuen Dana Perinok, Etxe Zuriko bozeramaileak. GMk, Fordek eta Chryslerrek 240.000 langile AEBetan, baina haien desagertzeak beste 2,5 milioi lanpostu galzorian jarriko lituzkeela ohartarazi du auto industriak.

AEBetako Gobernuak TARP edo Paulson Planeko dirua baliatuko du GMri eta Chryslerri laguntzeko. Kongresuak onartutako laguntza horretatik 335.000 milioi gastatu ditu jada finantza erakundeak laguntzeko. Hortaz,15.000 milioi geratzen zaizkio autogileei uzteko. Planean aurreikusitako beste 350.000 erabiltzen hasteko Kongresuaren oniritzia jaso beharko luke Bushek, eta bere alderdikide errepublikanoen jarrera ikusita, ez litzaioke erraza izango.

Hain zuzen ere, senatari errepublikanoek utzi dute bertan behera Etxe Zuriak eta demokratek autogileei laguntzeko hitzartutako plana. Senatari horiek, ostera, UAW autogintzako sindikatuari egotzi diote errua, ez zuelako hitz eman 2009rako Detroiteko Hiru Handietako soldatak atzerriko autogileetakoekin parekatuko zituela. Japoniarrek eta europarrek AEBetako hegoaldean jarri dituzte beraien lantegiak, eta sindikaturik gabeko fabrikak direnez, gutxiago pagatzen diete langileei.

UAWko buru Ron Gettelfingerrek oroitu zuen atzo Detroiteko langileek murrizketa gogorrak onartu dituztela azken urteotan: «Ezin dugu onartu senatari errepublikanoek berregituraketaren zama osoa langileen eta pentsiodunen bizkar jartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.