TEKNOLOGIA

Etxeak ireki dituen ataria

Arrakasta lortu du Airbnb-k etxe eta logelen alokairurako bitartekari lanak eginda. Haren jarduerak, ordea, hotelen haserrea eragin du.

jarraia91550.jpg
Miren Garate.
2014ko maiatzaren 4a
12:44
Entzun

Diseinu arloko konferentzia bat zegoen San Frantziskon, eta bete egin ziren hiriko hotelak. Bien bitartean, alokatua zuten etxea ordaintzeko dirua nahi zuten bi gaztek. Ideia bat izan zuten: hiru ohe puzgarri jarri etxean eta ostatu bila zebiltzanei eskaintzea, gosari eta guzti. 80 dolar ordaindu zieten hiru bezerok. Negoziorako aukera paregabea ikusita, Air Bed & Breakfast izeneko enpresa sortu zuten. Bazkide berri batekin, Airbnb bihurtu zen gero. Sei urte eskas igaro dira ordutik. Gaur egun, 600.000 ostatu eskaintza ditu 192 herrialdetako 34.000 hiritan, sofa batzuetatik hasi eta gazteluetaraino. Iruñean, esaterako, 81 iragarki daude sanferminetako asterako.

Bitartekari lanak egiten ditu Airbnb-k. %3ko komisioa kobratzen die bere bidez etxea alokatzea lortzen duten jabeei. Ostatu hartzen dutenei, berriz, %6 eta %12 artekoa. Bezeroa iritsi eta biharamunean kobratzen da, iragarkia benetakoa zela egiaztatzeko. Hala, 180 milioi euro ingururen diru sarrerak izan zituen iaz. Diru sarrerekin konparatuta, ordea, garesti balioesten dute enpresa: 7.200 milioi euro inguru balio dezake, eta ez dute baztertzen aurten bertan ateratzea burtsara. Wall Street Journal egunkariaren arabera, Airbnb-k gainditu egin ditu munduan ezagunak diren hotel kate asko. Wyndhamek, esaterako, 3.600 milioiren diru sarrerak ditu, eta 6.800 milioi euro balio du; Hyatt Hotelsek, 2.900 milioiren sarrerak, eta 6.000 milioiko balioa.

Neurri handia, oztopo

Berez, etxea alokatzea beti egin izan den zerbait da. Ohikoak izan dira, esaterako, oporretarako etxeak eskaintzen zituzten egunkarietako iragarkiak. Baina maila pribatuagoan egiten ziren, gertuko jendearen artean. Interneten hedapenak aldatu egin ditu gauzak; norbere etxea uzteak sortzen duen mesfidantza ere txikitzen ari da. "Ez dizu beldurrik ematen zure etxea ezezagun bati uzteak?", sarri galdetu izan diete Airbnb-ren sortzaileei. Datuek diote jendearen erreparoa txikitu egin dela.

Bitartekari lanak egiten dituzten plataforma horietako askok, gainera, aseguru etxeekin akordioak lortu dituzte balizko kalteak sortzen diren kasuetarako, eta horrek ere animatu egin du jendea etxea eskaintzera.
Txikia zen bitartean, ez zuen trabarik egiten Airbnb-k ere, baina hartzen ari den dimentsioak kezka eragin du hainbat sektoretan, batez ere mundu osoko hotel eta ostatu enpresetan. Lehia desleiala egitea leporatzen diote, hari nahiz antzeko zerbitzuak eskaintzen dituztenei, ez dituztelako joko arau berberak: zergetan iruzur egitea errazagoa da, higiene eta segurtasun baldintzak betetzeko obligaziorik ez dute... Tokian tokiko araudia errespetatzeko eskatzen die soilik Airbnb-k bezeroei.

Eztabaida eragin du gaiak. Zenbaterainoko erantzukizuna du bitartekari lanak egiten dituenak? Hainbaten arabera, egiaztatu egin behar lituzke eskaintzen dituen edukiak, eta kontrolatu egin behar luke etxejabeek arauak errespetatzen dituzten ere; finean, hark izan behar luke eskaintzen dituen produktuen erantzule. Ordea, hori jabeen euren ardura dela uste dute Airbnb bezalako plataformek.

Kontuan hartu behar da araudia aldatu egiten dela herrialdez herrialde, eta askotan baita herrialde bereko hiri batetik bestera ere. Espainiak, kasurako, autonomia erkidegoen esku utzi du erregulazioa, baina gehienek ez diote oraindik ekin lan horri.

2.000 iragarki, kenduta

New Yorken, 2010ean zehaztu zuten araudia. Debekatu egin zuten etxea 29 egun baino gutxiagoan alokatzea baldin eta jabea bertan ez badago —Airbnb-ren kasu batzuetan, etxe osoa alokatzen dute jabeek, eta beste batzuetan, logelak bakarrik—. Araudi hori urratzen duela iritzita, New Yorkek auzitara eraman du Airbnb.
Eskaintzarik handiena hiri horretan du atariak. Epaiketaren aurretik 2.000 iragarki kentzea erabaki du enpresak, egun gutxirako alokairua eskaintzen zutelako. Horrez gain, estatuko fiskal nagusiak lizentziarik gabeko hotelak ezkutatzea ere leporatzen dio, iragarle batzuek eskaintza ezberdin piloa baitute. Iragarkiak egin dituztenen datuak ere eskatu dizkio fiskalak atariari, zergarik ordaintzen ez dutela iritzita.

Fiskalaren jarduna gogor kritikatu du enpresak. "Airbnb-k 768 milioi dolarreko jarduera ekonomikoa sortuko du aurten New Yorken. 6.600 lanpostu sostengatuko ditu, eta bidaiariei aukera emango die espazio bakanetan egon eta inguruko negozioetan dirua gastatzeko. Gainera, 36 milioi dolar ordainduko ditu zergetan". Hotelek diotenaren aurka, argudiatu du bere eskaintzak guztiei mesede egiten diela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.