Ez dela gaitzik onik ez dakarrenik dio esaera zaharrak. Eta krisiak zerbait positiboa ekarri baldin badu, hori etxebizitzen prezioen jaitsiera izan da. Urtebetean, batez beste, %6,7 merkatu da etxe berrien metro koadroa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, berriz, %8. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, %0,5 eta %1,7koa izan da jaitsiera.
Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, Donostiak jarraitzen du garestiena izaten. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, etxe berriak nahiz erabilitakoak kontuan hartuta,3.923 euro balio zituen metro koadroak Gipuzkoako hiriburuan; Bilbon, 3.149 euro; Gasteizen, 2.424,9 euro eta Iruñean, 2.148,3 euro. Guztietan jaitsi dira prezioak. Hain zuzen, iazko hirugarren hiruhilekoan, metro koadroak 96,7 euro gehiago balio zuen Donostian; Bilbon, 546,3 euro gehiago; Gasteizen, 387,8 euro gehiago; eta, Iruñean, 483,8 gehiago.
Merkatu librekoenen prezioek bezala, babestutakoenek ere behera egin dute aurten. Lau probintzietan jaitsi dira salneurriak, hamar eta 70 euro artean. Bizkaian daude babestutako etxe merkeenak, batez beste, metro koadroko 1.163,3 euroko prezioarekin.
Makal dabil sektorea, eta etxeen prezioa ez da hori islatzen duen adierazle bakarra. Eraikitzen hasitako etxe kopuruak ere nabarmen egin du behera. Aurten, lehen sei hilabeteetan, 4.500 etxe berri eraikitzen hasi dira lau lurraldeetan. Urte erdiko datua da bakarrik, baina kontuan hartu behar da azken urteetan 15.000 etxe eraikitzen hasten zirela urtero. Zenbait urtetan 20.000ren bueltan ere ibili da kopuru hori.
Etxebizitza berrien prezioa %6,7 jaitsi da EAEn eta %8 Nafarroan
Hiriburuen artean, Donostian balio du gehien metro koadroak, 3.923 euro; eta gutxien, Iruñean, 2.148,3 euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu