Etxebizitzak gero eta garestiagoak izateko arrazoia zein den ikertu behar dela uste du erakundeak. Izan ere, Rafael Puntonet batzordeko lehendakariaren berbetan, «etxebizitzaren salneurria %80 igo da, baina eraikuntza gastuak %20 baino ez dira igo 1995etik hona. Ondorioz, eskulanaren eta eraikuntza beharren salneurri igoerak ez du justifikatzen etxebizitzen prezio igoera». Puntoneten arabera,%138 garestitu da lurra erostea, urbanizatzea, promozionatzea eta etxebizitza eraikitzea.
Hori dela eta, EEGABek «arazo hori zehatz-mehatz ikertzeko» eskatu du. Batzordeko lehendakariaren hitzetan, «udalei egozten zaie etxebizitzak egiteko lur gutxi egotearen eta dagoena garestia izatearen errua. Aztertu egin behar da hori horrela ote den, eta Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek ere zerbait esan beharko lukete arazo horretaz duten ardura fiskalarekin».
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familien %69 bizi diren etxearen jabe dira, eta %23 oraindik etxea ordaintzen ari dira. Familien %16k beste etxebizitza bat ere badaukate. Ildo horretatik, «alokairuko etxebizitza gehiago» eskaini behar direla uste du Puntonetek. Izan ere, hiru lurraldeetan 86.285 etxebizitza zeuden hutsik 2002ko urte amaieran. Horietatik erdiak hamar hirigunetan biltzen dira, hiriburuetan batikbat. Bilbon bertan 12.000 etxebizitza daude bete gabe eta 6.000tik gora Donostian zein Gasteizen.
Ekonomia, motelago
Ekonomiaren egoerari buruzko datu ugari eman zituen Batzordeak. Batetik, hazkuntza ekonomikoa moteldu egin zela iaz, %1,7 soilik hazi baitzen. Edonola ere, enplegu tasak gorantz jarraitu du, eta beherantz, berriz, langabeziarenak. Datu ofizialek diotenez, 2002. urtearen amaieran biztanleria aktiboaren %8,3 zegoen langabezian, urtebete lehenago baino %1,5 gutxiago (ia 12.000 langabe gutxiago). Industrian, ostera, enplegua galdu zen iaz.
Puntonetek azaldu duenez, «EAEko Kontsumo Prezioen Indize Armonizatua Europako Batasuneko bigarrena da altuenetan». Alarma mezua igorri zuen arlo horretan. Izan ere, haren esanetan, «zuzenean eragiten du horrek familien kontsumoan. Batez ere, errekurtsorik gutxien daukatenengan».
Horien artean daude etorkinak. 1996. urtetik hona, ia %145 hazi da hiru lurraldeetan bizi diren immigranteen kopurua. Dagoeneko, biztanleria osoaren %1,5 dira etorkinak. Gainera, lehen aldiz, Europatik kanporakoak dira etorkinikgehienak.10.000 europarrak eta 21.000 beste kontinenteetakoak. Hego Ameriketako herritarren etorrera nabaria izan da azken bospasei urteetan: 1996an lurralde haietako 1.859 lagun zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatuta, eta 2001an jada 11.423 ziren, hots, %514 gehiago.
Puntonetek azaldu zuenez, «gazteak dira etorkin gehienak eta askok goi mailako ikasketak dituzte». Horien artean langabezia tasa bertakoen artean baino handiagoak da, baina hemen gertatu ohi denaren kontra, gizonezko etorkin gehiago daude beharrik gabe emakumezkoak baino.
Ikerketa eta Garapena
Bestalde, Puntonet pozik agertu zen ikerketan eta garapenean gero eta gehiago inbertitzen delako. 2001ean baino %4,2 gehiago gastatu zen arlo horretan 2002an. Hala ere, azkenaldian gorakako joera hori gelditu ote den beldurra azaldu zuen. Europako Batasuneko tasa %1,94 da, eta %1,49koa, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa.
Gastu horren heren bi enpresaburuek ordaintzen dituzte, eta %17 erakunde publikoetatik bideratzen da. Erakunde pribatuek %1 inbertitzen dute, eta gainontzekoa atzerritik etorritako dirua izan da orain arte. Puntonetek azaldu zuenez, ikerketan eta garapenean inbertitzen den dirua «enpresaren tamainari zuzenean lotuta dago». 100 langiletik gorako enpresetan inbertitu dute gastu guztiaren %60a eta 50 langiletik beherako enpresek ikerketarako eta garapenerako erabilitako diru osoaren %12 baino ez dute inberti-tu.
«Hala ere, poztekoa da, gero eta enpresa gehiagok inbertitzea garapenaren bidean», gaineratu zuen. «Bakoitzak ahal duen neurrian inbertitzen du, baina azkenaldian bikoiztu egin da era horretako inbertsioak egiten dituen enpresa kopurua». Gainera, ikerketan eta garapenean aritzeko lanpostuak ere sortu dira. %16ko igoera izan dute kontratazioek esparru horretan, eta, batez ere, ikerketarako jendea kontratatu da.
z Datua
%10
Biribiltzea: EEGABen arabera, iaz salneurriak igotzeko arrazoietako bat euroa finkatu izana da. Rafael Puntonetek azaldu zuenez, «Administrazioak ere, %10 gehitu ditu isunetatik eta beste zerga batzuetatik jasotzen dituen diruak». Era horretan, Administrazioari egotzi zion «eguneroko prezioak biribildu izana» hein batean.