Etxeak saltzen dira, baina gero eta gutxiago: iaz guztira 25.858 etxe saldu ziren Hego Euskal Herrian, 2007an baino %28 gutxiago. Jaitsiera %20tik gorakoa da probintzia guztietan: Nafarroan %32koa, Bizkaian %28koa, Gipuzkoan %25ekoa eta Araban %24koa. Ipar Euskal Herrian jaitsiera are handiagoa da bigarren eskuko etxeen kasuan: salmentak %40 edo %50 murriztu direla esan dute Fnaim federazioan bilduta dauden bitartekariek otsailean.
Jaitsiera nabarmena izan da, bai saldutako etxe berrietan, bai bigarren eskukoetan. 2007tik 2008ra etxe berrien salmenta %23 jaitsi zen Hego Euskal Herrian. Bigarren eskukoena, berriz, gehiago: %31. Batzuen eta besteen salmenta kopuruak antzekoak izan ziren: iaz 13.055 etxe berri eta bigarren eskuko 12.803 saldu ziren. Berriak baino bigarren eskuko etxe gehiago saldu ziren Araban eta Bizkaian.
Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) emandako datuak hilabetez hilabete aztertuz gero, iazko hilabete guztietan saldu ziren 2007koetan baino etxe gutxiago. Azken datua iazko abendukoa da: 1.675 etxe saldu ziren Hego Euskal Herrian, urtebete lehenago baino ia %8 gutxiago.
Nabarmentzeko modukoa da iaz Araban saldu ziren etxeen %39 babestuak direla. Portzentaje horiek txikiagoak dira gainerako probintzietan: %20koa Nafarroan, %16koa Gipuzkoan eta %10ekoa Bizkaian.
Salmenten jaitsierak prezioak merkatzea eragin du. Bigarren eskuko etxeak %20 inguru merkatu dira.
%3,29ko berankortasuna
Gero eta etxe gutxiago saltzen dira, eta bankuek eta aurrezki kutxek gero eta zailtasun gehiago dituzte etxeak erosteko eman zuten dirua berreskuratzeko. Itzultzen ez diren edo ez itzultzeko arriskua duten maileguen portzentajea, berankortasun tasa, ia laukoiztu egin da Espainian: 2007ko abenduan %0,83koa zen eta iazko abenduan, aldiz, %3,29koa. Berankortasun tasak hemezortzi hilabete daramatza etengabe hazten.
Espainian lan egiten duten finantza erakundeen artean aurrezki kutxek dute berankortasun tasa handiena: %3,79koa batez beste. Bankuena, berriz, %2,811ekoa da. Atzo jakinarazi zituen datuak Espainiako Bankuak.
Euskal Herriko bankuek eta kutxek Espainiako batez bestekoaren azpitik amaitu dute urtea, beren berankortasun tasa hazi egin den arren: BBVAk %2,12koa zuen; Euskadiko Kutxak, %2,21ekoa; Kutxak, %1,87koa; Nafarroako Kutxak, %1,93koa; Vital Kutxak, %1,81ekoa; eta BBK-k, %0,89koa, ekaina arte (ez zuen urte osokoa jakinarazi).
Etxeen salmenta %28 jaitsi da 2007tik 2008ra Hego Euskal Herrian
Saldutako etxe berrien kopuruak %23 egin du behera, eta bigarren eskukoenak, berriz, %31
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu