Etxegileen krisiaren ondorioz, %2,6 jaitsi da Bilboko burtsa

Euroa inoizko balio handienera iritsi da, eta Alemaniako konfiantza indizea azken 17 urteetako maila apalenean dago

joxerra senar
2008ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Astea oso beltz hasi du burtsak, datu ezkorrak bata bestearen atzetik pilatzen ari direlako. Bilboko burtsa 2.000 puntutik behera dago jada, eta atzo1.903,67ra iritsi zen, %2,66 galdu ostean.Ibex-35 indizeak, berriz, atzo %2,55 egin zuen behera, eta goizeko une batzuetan 11.000 puntuak galtzera ere iritsi zen. Galera horren atzean, hein handi batean, Martinsa-Fadesaren krisia dago.

Etxegintza enpresak hartzekodunen konkurtsoa eskatu eta Espainiako historiako ordainketa etenik handiena aurkeztu izanak izua eragin du. Inbertsiogileak beldur dira atzetik ez ote diren enpresa gehiago etorriko, eta enpresa horien guztien zorrari bankuek zenbateraino eutsiko dioten. Ferrovial %7,37 erori zen, Sacyr Vallehermoso %8,37, eta Martinsaren hartzekodun den Banco Popular, berriz, %5,6.

Eraikuntza eta finantza sektoreen gaineko zalantza guztiok ezkortasunean murgildua dute aspaldi honetan burtsa. Ekainaz geroztik, %18 galdua du Ibex-35 indizeak, eta urtea hasi denez geroztik, berriz, %26 egin du behera.

Estatu Batuetan, berriz, finantza krisia areagotu egin da. AEBetako Gobernuak Fannie Mae eta Freddie Mac hipoteka mailegatzaileak salbatzeko diruz lagunduko dituela iragartzeak erakundeon akzioen prezioak amildu egin ditu. Ben Bernanke Erreserba Federaleko presidenteak, berriz,AEBetako ekonomiak «makina bat zailtasuni» aurre egin behar diola aitortu zuen atzo, eta Dow Jones indizea%1,73 jaitsi zen ateak ireki ostean.

Euroaren marka historikoa

AEBetako ekonomiaren zailtasunek billete berdean izan dute isla, eta atzo euroak dolarrekiko trukean inoizko baliorik handiena iritsi zuen: 1,6032 dolar. Dena den, Europan bada ezkortasunerako arrazoirik. Ekainean euroguneko industria produkzioak azken 16 urteetan izandako hilabete bateko jaitsiera handiena izan zuen. Alemaniako enpresaburuen inbertsio konfiantza, berriz, azken 17 urteetako maila apalenean dago. Hala, Eurostoxx-50 indizeak %2,3 egin zuen atzera, eta CAC-40k, berriz, %2.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.