T. F. O. Duela hiru urtetik etxeko langilea. Sortzez paraguaitarra. Egoera legeztatu gabea. Iragan larunbatean hil zen, Santurtzin (Bizkaia), lan egiten zuen etxeko leihoak garbitzen ari zela kalera erorita, hamargarren solairutik. Lan istripua larunbatean gertatu zen arren, atzora arte ez zen haren berri izan. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak jakinarazi zuen gertatutakoa. Herenegun jakin zuen.
Istripua 12:45 aldera gertatu zen. Aulki batera igota ari zen leihoak garbitzen. Oraindik argitu ez dituzten arrazoiengatik erori ezin zen. Santurtziko Udaltzaingoa arduratu da ikerketaz. Hasieran bere buruaz beste egin zuela pentsatu zuten, baina etxera igo zirenean xaboi-urez betetako ontzi bat aurkitu zuten leihoaren ondoan. Suizidioa baztertu eta lan istripuari dagokion atestatua egin dutela baieztatu diote BERRIAri. Barakaldoko laugarren instrukzio epaitegiaren esku geratu da kasua.
Etxeko langileen kasuan ohikoa da kontraturik gabe eta Gizarte Segurantzari kotizatu gabe lan egitea. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak salatu du T.F.O.-k ere Gizarte Segurantzari kotizatu gabe lan egiten zuela, beren informazioaren arabera Juncal kontratazio agentziaren bidez kontratatu zuten arren. Elkartearentzat «ohikoa eta normala» da Gizarte Segurantzari ez kotizatzea, baita agentzia pribatuen bidez kontratatutako etxeko langileen kasuan ere.
Agentzien «kontrol falta»
Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak nabarmendu du kasu honetan bat egin dutela agentzien jardueraren «kontrol faltak», etxeko langileen eskubide faltak eta Espainiako Atzerritarren Legearen «hipokrisiak».
Elkartea kexu da, etxeko langileak gainerako langileak baino babesgabeagoak direlako, baita lan istripuak izaten dituztenean ere. «Etxeko langileari ez zaio lan istripua onartzen», dio Isabel Otxoa elkarteko ordezkariak. Ez dakite ea Osalanek Santurtziko lan istripua argitzeko ikerketa abiatu duen edo ez. Badaezpada kasua ikertzeko eskatuko dio gaur.
Bihar, berriz, lan heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo dutePortugaleten, metroak Carlos VII.a kalean duen irteeran.
LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten jada hamahiru langile hil dira Euskal Herrian izandako lan istripuetan.
Etxeko langile bat hil zen larunbatean Santurtzin, garbitzen ari zela erorita
Aulki batera igota ari zen leihoak garbitzen, eta hamargarren solairutik jausi zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu