Hileko datuak hartuta, Euriborra %2,086an geratu da apirilean. Hala, 2009ko otsailetik izan duen maila handienean dago egun.
Horren arabera, 25 urterako 150.000 euroko mailegua duenak orain urtean 744 bat euro gehiago ordaindu beharko ditu. Espainiako Estatistika Erakundeak dioenez, Hego Euskal Herriko biztanleek, batez beste, 160.000 euroko hipotekak dituzte. Mailegua urtean behin berritzea izaten da ohikoena.
Iazko datuekin alderatuta, ia puntu bat igo da Euriborra. 2010eko martxoaren 30ean %1,211ekoa zen. Interes tipoen igoeraren isla da hazkunde hori.
Hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen da Euribor indizea, eta 1999an jarri zuten martxan. Bankuek elkarri dirua uzteko erabiltzen duten interesa islatzen du.